Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciaga zabalik mantentzeko borrokatuko dutela iragarri dute ontziolako langileek

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 21a, 13:36

Zumaiako ontziolan orain arte egindako azken ontzioa, oraindik lehorrean. (Juan Luis Romatet)

Atzo arratsaldez jakin zuten langileek enpresako zuzendaritzak hartzekodunen lehiaketara joateko hartutako erabakia. LAB sindikatuaren arabera, enpresaren egoeraren arduradun nagusia zuzendaritza da, "egindako gestioagatik eta azken urteetan hartutako erabakiengatik". 

Gaur jakin da Astilleros Balenciaga enpresa hartzekodunen lehiaketara joango dela, behin Cofides funtsak urrian onartutako berregikuraketa planari ezezkoa eman ondoren. Zumaiako ontziolaren hartzekodun handienetako da erakunde hori, eta hasieratik agertu zen epaileak onartutako planaren aurka. Funts publiko-pribatu horren oniritzia behar zuen Balenciagak aurrera egitea ahalbidetuko zioen finantziazioa lortzeko. Haren ezezkoaren ondoren, hartzekodunen lehiaketara joatea besterik ez zaio geratu enpresari.

Atzo arratsaldean langileekin egindako batzarrean eman zien zuzendaritzak erabakiaren berri. Enpresako langile batzordean ordezkaritza duen LAB sindikatuko ordezkariek Gukari esan diotenez, albisteak ez ditu ezustean hartu, "plana blokeatuko zutela udatik ari zirelako esaten".

Balenciagak bi ontzi egiteko enkargua zuela eta datorren urte hasieran horiek eraikitzeko lanak hasiko zituztela zioten zurrumurruak bolo-bolo zebiltzan herrian, baina lanak hasteko finantziazioa bilatu behar zuen enpresak, eta hor Cofidesen oniritzia behar zuen. "Enpresa hipotekatuta dago, eta hipoteka horietako bat Cofidesekin du. Esaten zuten finantziazioa lortzeko [bereak dituen] bi ontzi salduko zituela Balenciagak, baina horretarako Cofidesek hipoteka altxatu behar zuen, eta ez du nahi izan", azaldu dute LABeko ordezkariek. "Hartzekodunen lehiaketara joateko epea amaitzear zen, eta horregatik hartu du orain erabakia enpresak", gaineratu dute.

Errua Cofidesena dela zabaldu bada ere, sindikatuaren arabera, Balenciagak pairatzen duen egoeraren errudun edo arduradun zuzena enpresako zuzendaritza da: "Erantzulea zuzendaritza da, egindako gestioagatik eta urte hauetan guztietan hartutako erabaki txarrengatik".

Erabaki horren ondorioz enpresa itxiko dutela zabaldu bada ere, sindikatuaren arabera, oraindik badaude ontziola zabalik mantentzeko aukerak. "Lehiaketara joateak ez du esan nahi enpresa itxiko dutenik. Hartzekodunen lehiaketa aurrera eramango duen administratzaile bat jarriko dute aste batzuk barru, ez dakigu noiz, eta hark erabaki ahal izango du urrian onartutako berregikuraketa planarekin jarraitzea".

Mobilizazioak hasi

Bitartean, Astilleros Balenciaga enpresa zabalik mantentzeko borrokan jarraituko dutela iragarri dute langileek, eta datozen egunetan mobilizazio batzuk egingo dituzte.

Hala, prentsaurrekoa deitu dute datorren astearterako; 11:00etan izango da, Balenciaga enpresaren inguruan. Oraindik erabat baieztatu gabe badago ere, hurrengo ostiralerako manifestazioa deitzeko asmoa ere badute langileek. "Aukerak ditugu enpresa orandik irekita mantentzeko, eta horren alde borrokatuko dugu", adierazi dute LAB sindikatuko kideek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide