Gabon Koruak bere sorreratik izan du alde solidarioa. Kantuan aritzea eta Gabon garaiarekin lotutako abestiak kalez kale eramateaz gain, diru bilketak egin ditu bere historian zehar beharrean daudenei laguntzeko. Hasiera hartan, gerraostean, Andazarrateko ospitalean zeuden zumaiarrentzako dibu bilketa egin zuten. Azken urteotan Caritasi eman diote beharrean daudenen artean erabiltzeko.
Zumaiako Caritasek azaldu duenez, aurtengo kantu kalejiraren bidez 2.008,25 euro bildu dituzte guztira. Elkarteak gaineratu du behar handiena dutenei laguntzeko erabiliko dutela kopuru hori.
Lerro hauen bidez, Caritasek eskerrak eman nahi dizkie "Zumaiako herriari eta, bereziki, Gabon Koruari, txistulariei, musikariei, boltseroei eta parte hartu duten guztiei, urtez urte kaleetan abesti tradizionalak entzungai jartzeagatik, behartsuenei laguntza emateaz gain".