Gazte ekimenak sustatzeko dirulaguntza programa jarri zuen iaz abian Zumaiako Udalak. Beka horien onuradunetako bat Miguel Gutierrez zumaiarra izan zen pasa den urtean. Laguntza harekin Basoa.wav izeneko diskoa sortuko zuen Gutierrezek. Aurtengo beka, berriz, Iñaki Agirrezabalaga ikus entzunezkoen sortzaileak jaso du. Berezitasuna da bi sortzaileen proiektuek bat egin dutela. Izan ere, Gutierrezen diskoko Retrobisorea abestia oinarri hartuta bideoklipa sortu du gazteak.
Retrobisorea abestiko musikaren egilea Miguel Gutierrez da. Jon Maiak jarri dizkio kantari hitzak eta ahotsa, eta Joxe Mari Azkue buru duen Zumaiako Musika Bandak ere kolaboratu du emaitzan. Bideoklipean, aldiz, Zumaiako antzerki taldeko gazteak aritu dira antzezle lanetan. Arlo teknikoan, berriz, ikus entzunezkoen munduan aritzen diren zenbait zumaiarrek ere parte hartu dute.