Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciagako langile batzordea zuhur agertu da zorraren kitapenari buruzko albistearen aurrean

Onintza Lete Arrieta 2025ko mar. 7a, 18:10

Balenciaga ontziolako langileek iazko azaroan emandako prentsaurrekoko une bat.

Langile ordezkarientzat "albiste pozgarria" da Zumaiako ontziolak duen hamabost milioiko zorra 8,5 milioi eurora jaistea onartu izana Cofides funtsak, baina gogoratu dute zor gehiago ere badela eta konponbidea lortzeko denbora agortzen ari dela. Iragarri du datorren astean enplegua erregulatzeko iraungitze-espedientea negoziatzen hasiko dela enpresarekin.

EITBk gaur goizean jakinarazi du Cofides sozietate publiko-pribatuak Balenciaga ontziolak harekin duen zorra jaisteko erabakia hartu duela. Gaur-gaurkoz, hamabost milioi euroko zorra du Zumaiako enpresak funts horrekin, eta kopurua 8,5 milioi eurotara jaistea onartu du Cofidesek. Kitapen horrek hartzekodunen konkurtsoaren administratzailearen oniritzia ere jaso duela iragarri du.

Ontziolako langile batzordeak komunikabideen bidez izan du albistearen berri, eta "albistea pozgarria" den arren "pauso bat badelako", zuhurtziaz hartu du berria, akordiorik ez delako itxi oraindik: "Filtrazioren bat egon da, eta irrati bidez jakin dugu zorraren kitapenarena. Ondoren, administratzaileak baieztatu digu komunikabideek esandakoa hala dela, baina hori bai, ezer itxi gabe dagoela esan digu, akordioa aurreratuta dagoen arren". 

Langile komiteak gogoratu du zor gehiago ere badela, eta gatazka honetan parte diren gainerako eragileei ere konpromisoa hartzea eskatu die –Cofidesen Espainiako Ekonomia eta Industria Ministerioak dauka partea–, konponbide batera iristeko epea agortzen ari delako: "Cofides zen oztopo gehien jartzen ari zena, baina zor gehiago ere badago, eta horregatik, gainerako eragileei eskatzen diegu borondatea ager dezatela ontziola zabalik mantentzeko akordioa aurrera atera dadin. Zorretako bat Elkargirekin dauka, eta beraz, batez ere Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu borondatea ager dezala".

Inbertitzaileak bai, baina epea agortzear

Martxoaren 31ra arteko epea dute ontziolarako inbertitzaile bat aurkitzeko, eta epea gertu denez, langileen ordezkariek jakinarazi dute datorren astean hasiko direla negoziatzen enplegua erregulatzeko iraungitze-espedientea. Langileen kaleratzeak negoziatzen hasiko direla, alegia, azkenean horren beharrik ez egotea espero duten arren. 

Aste honen hasieran, Balenciaga bere gain hartzeko bi inbertitzaile "oso interesatuta" daudela iragarri zuen Maria Jesus Egido PSE-EEren Gipuzkoako batzarkideak, Balenciagako langileen ordezkaritzak Gipuzkoako Batzar Nagusietara egindako bisitaren atarian. 

Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak, berriz, zorraren kitapenaren berri izan eta gero gaur Euskadi Irratiari eman dion elkarrizketan esan du ontziolarako inbertitzaile posibleak egon badaudela, baina hark ere gogoratu du denbora askorik ez dela geratzen ontziolaren likidazioa saihesteko, eta balizko inbertitzaile horiek erakartzeko oraindik lan asko egin behar dela ere adierazi du Ostolazak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide