Hormetara buelta, presiorik gabe

Juan Luis Romatet 2025ko mar. 23a, 09:00

Eneko Carretero, Zumaia Guka aldizkarirako ateratako irudian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Eneko Carretero eskalatzaileak boulderreko Espainiako Kopa irabazi zuen iazko azaroan Madrilen. Garaipena handia izanda ere, albistea beste bat izan zen: lehiak uztea erabaki zuen 23 urteko zumaiarrak. Maila gorenean jarraitzen zuela erakutsita ere, azken urteotan pilatutako nekeak, etsipenak eta motibazio faltak garaipenek sortutako pozak baino pisu gehiago zuten haren bizitzan.

2025eko urtarrileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Boulderreko Espainiako Kopa irabaztea ez zen ezustekoa izan Eneko Carreterorentzat (Zumaia, 2001), ezta eskalada munduko jendearentzat ere. Aurretik ere igo izan da podiumera zumaiarra, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan, eta nazioarte mailako probetan ere aritu izan da. Gainera, jakin bazekien fisikoki eta teknikoki une gozoan zegoela, bere ezaugarri nagusia den indarrari, denborarekin eta urteekin, teknika ere gehitu diolako. Hala lortu zuen garaipena joan zen azaroan, Madrilen izan zen hitzorduan, eta, noski, poza sentitu bazuen ere, aurrez hartua zuen erabakiari eutsi zion: lehiak uzteko erabakiari, hain zuzen. "Gauza asko izan dira erabaki hori hartzea eragin dutenak. Mentalki nekatuta nengoen; hainbeste entrenamendu, eskaladari eskainitako denbora guztia... Gauza asko alde batera utzi behar izan ditut, eta horrek ere nekatu egin nau", argudiatu du. 

Bizitza osoa eskaini dio Carreterok eskaladari. Halako esaldiak, kasu askotan, exageraziotik hurbil egon daitezkeela pentsa badaiteke ere, ez da Carreteroren kasua, haur txikia zela hasi baitzen hormetan gora eta behera. David Carretero eta Esther Cruz ditu gurasoak, eta biak eskalatzaileak izateak izan zuen, nola ez, eragina semearen zaletasunean. "Txiki-txikitatik aritu naiz mendira joaten eta gurasoekin eskalatzen".  

Txikia zela hasi zen Carretero eskaladako lehiaketetan parte hartzen ere. "Gure amak txapelketetan parte hartzen jarraitzen zuen, eta mundu hark asko erakartzen ninduen. 6 urterekin esan nien gurasoei lehiatu egin nahi nuela. Blokeko modalitatean hasi nintzen lehiatzen –sokakoan 12 urte ingururekin hasi nintzen–, lurrean koltxoneta jarrita. Euskadiko txapelketetan-eta aritzen nintzen, baina adinagatik ezin izaten nuen lehiatu; amaren kategorian sartzen ninduten, erakustaldia eskaintzeko. 12 urterekin bai, orduan utzi zidaten lehiaketetan parte hartzen, 16 urtetik beherakoen kategorian". 

Lehiatzen hasi bazen ere, hasiera hartan eskalada oso serio ez zuela hartzen aitortu du Carreterok. "Gaztetan ez nintzen asko nabarmentzen, agian berandura arte ez nuelako oso serio hartu eskalada. Izan ere, goi mailan aritzeko berandu da 12 edo 13 urterekin hastea. Sasoi hartan ez nintzen onenetakoa, finaletara-eta heltzen nintzen, baina ez nintzen gailentzen. Gero, indartu nintzenean, 15 bat urterekin-edo, orduan bai, orduan hasi nintzen nabarmentzen", gogoratu du zumaiarrak. 

Bere indargunea indarra zela zioten eskaladaren munduko adituek, eta hori horrela dela baieztatu du Carreterok. Dena den, teknika ere asko landu duela azpimarratu du. "Azken urteetan indarraz aparteko beste alderdi batzuk ere landu ditut; adibidez, teknika. Izan ere, indarra banuen, baina eskalatzen ez nintzen hain ona. Betidanik indar handia izan baldin baduzu, zaila da gero alde teknikoa hobetzea; teknika baldin baduzu, berriz, errazagoa da indarra irabaztea". Hark azaldu duenez, 15 urterekin zuen indarra edukitzea ez zen oso normala, eta horregatik nabarmentzen zen. "Beste eskalatzaile batzuek, baina, erraz egiten zituzten nik egin ezin nituen ariketa jakin batzuk. Horregatik motibatu nau hainbeste teknika ikasteak, eta horrek eraman nau teknika aldetik ere ona izatera". 

Teknika lantzeko, ahal zuen rokodromo gehienetan entrenatu duela jakinarazi du: "Zumaian, Paolbidean dagoen rokodromoan aritu naiz, Azpeitikoan ere bai, eta orain, Donostian lan egiten dudan rokodromoan entrenatzen dut. Bestalde, Bilbora edo Baionara ere joaten naiz". Ahalik eta mugimendu gehien egitea du xede, "onena" hori delako. "Txikitan asko ibili nintzen Zumaiako horman. Oso estilo konkretua du, oso fisikoa, eta asko lagundu zidan horrek fisikoki, baina teknikoki gabezia asko izan ditut. Baionan edo Bilbon, baina, beste mota batzuetako hormak daude, eta haietan denetarik landu izan dut".  

Gurasoekin mendian ibiltzen bazen ere, entrenamendu saioak rokodromoan egin izan ditu, ez da arrokan ibili eskalatzen. "Txapelketetan bazabiltza, mendian ibiltzeak ez du laguntzen. Fisikoki ez du asko aportatzen, oso desberdina delako. Eskalada estilo desberdinak egiten dira mendian, hain dinamikoak ez direnak; txapelketetan, berriz, dena dira saltoak eta koordinazioa, eta hori ezin da mendian landu. Hori bai, rokodromoan entrenatzeak asko lagundu dezake gero mendian". 

Buruaren indarra 

Alde fisikoa garatzeaz gain, eskaladarako alde psikologikoa lantzea ere ezinbestekoa dela iritzi dio Carreterok. Hala azaldu du: "Fijatzen bazara, hemen eta han, eskalatzaile guztiak nahiko argalak eta fibrosoak dira; inor ez da oso indartsua fisikoki. Batez ere burua prest eduki behar da, bai eskalatzen ari zarenean, baita txapelketa ondo kudeatzeko eta ondo interpretatzeko ere".

Alde fisikoa lantzeko "misterio handirik" ez dagoela azaldu du Carreterok, "entrenatzea" baita kontua. Alde psikologikoari jarri dio, baina, arreta. "Jende batek dohain berezia du arlo psikologiko guztia ondo kudeatzeko. Niri, arlo fisikoa baino gehiago kostatu zait arlo psikologikoa lantzea, eta izan ditut konfiantza galdu dudan bolada txarrak ere. Psikologoarekin zenbait lanketa egiteak lagundu dit arlo hori hobetzen". 

Txapelketetan lortutako emaitzak onak baziren ere, "nekeak eta gogo faltak" eraman dute zumaiarra, hein batean, lehiaketen mundua uztera; erabakiaren berri eman zuen 23 urte besterik ez zituela eta Espainiako txapelketa garrantzitsuenetakoa irabazi berri zela. Fisikoki ondo sentitzen dela dio, eta teknika aldetik asko hobetu duela urte hauetan guztietan. Berez, inoiz baino hobeto ikusten du bere burua, baina buruak esan dio nahikoa dela, lehiaketen mundutik jaisteko unea heldu dela. "Gauza asko izan dira batera. Azken urtean hartutako erabakia da, baina badira pare bat urte [lehiaketak uzteko asmoa] buruan bueltaka nuela". 

Nekea, presioa edo motibazio falta aipatu ditu erabakia hartzeko faktore gisa. Txapelketa batzuk irabazi eta saririk jaso ez izanak ere izan du zer ikusia erabakia hartzerakoan. "Denbora asko dedikatu diot eskaladari, entrenamendu asko egiten ditut, bidaia asko, eta gero ez dut inongo saririk ikusi. Espainiako Kopa irabazteagatik, adibidez, ez dut dirurik jaso, ez materialik, ez ezer. Espainiako txapelketa garrantzitsuena da, eskaladan dagoen probarik handiena, eta saririk ez dut jaso, egindako lanak ez du inongo aitortzarik izan, eta horrek ere asko nekatzen du". Carreteroren gurasoek, sasoi hartan, diru sariak jasotzen zituzten parte hartzen zuten txapelketetan. "Orain, eskalada kirol olinpikoa denean, jende gehiago aritzen denean eta kirol bezala modan dagoenean, ez dago dirurik sarietarako", salatu du. 

Eskalatzaileek pairatzen dituzten baldintza kaskarrak ere mintzagai izan ditu. Esaterako, gogoan du nazioarte mailako txapelketetan parte hartzeko gastuak bere poltsikotik ordaindu behar izaten zituela. "Asteburu batean Austriara lehiatzera joateko mila bat euro ordaindu behar izan nituen neure poltsikotik; hegazkineko bidaia, hotela, jatorduak... Eskalatzaileok ez dugu soldata eskatzen, baina bai txapelketa batean parte hartzeagatik dirurik ez galtzea. Bestalde, Espainiako Kopa, gure mailan, igande arratsaldean jokatu izan da, eta horrek askotan lanean astelehena jai eskatu beharra eragin izan digu. Hori ere gogorra da, txapelketa batera joateagatik, opor egunak gastatzen aritu naizelako. Eskalada garapena ari da bizitzen alde batetik, baina bestetik, atzeraka goazela uste dut". 

Eskaladako eta Mendiko Kiroletako Espainiako Federazioarekin izandako beste eztabaida batzuk ere jarri ditu Carreterok mahai gainean. "Bizitza osoan egin dudan zerbait da eskalada, beti maila onean. Gaztea naiz oraindik, baina federazioak esan dit zaharra naizela; nazioarte mailan ez naizela inoiz finaletara heldu, eta ez dudanez inoiz halakorik lortu, ja ez dudala ezer egingo. Niretzako shocka izan zen hori entzutea, eskalatzaile bezala hobetzen ari nintzela ikusten nuelako; uste dut orain egin nezakeela zerbait nazioarte mailako txapelketetan". 

Goi mailako kirolariek jasaten duten presioak ere izan du eragina hartutako erabakian. Hark esan duenez, askotan ez zuen "ilusiorik eta motibaziorik" izaten, baina maila gorenean egon nahi zuen, eta horrek areagotu egiten zuen sentitzen zuen presioa. Damu puntu batekin hitz egin du: "Motibaziorik ez nuen, baina asko entrenatzen nuenez, ahalik eta hobekien aritu behar nuen bai ala bai. Gustatzen zaizkidan gauza asko utzi behar izaten ditut alde batera kirolagatik". 

Lehiaketak uzteko erabakiaren berri eman zuenean denetariko iritziak jaso zituela gogoratu du zumaiarrak. "Gurasoek ikusten zuten nola itzultzen nintzen txapelketetatik etxera; etsita, ilusiorik gabe, nahiz eta irabazi. Lehiatzeari utziko niola esan nienean, ulertu egin zuten. Gainera, gure aitak nire antzeko adinarekin utzi zituen txapelketak, 20 urterekin, eta hark aspalditik galdetzen zidan zergatik joaten nintzen lehiaketetara gustura ibiltzen ez baldin banintzen". Gertuko lagunek, berriz, disfrutatzen bazuen segitzeko esaten ziotela adierazi du: "Urteak ziren, ordea, gustura ez nenbilela ikusten zutela, eta onena lasai ibiltzea nuela esan zidaten. Nirekin lehiatzen ziren kirolariek edo lehien munduan ibiltzen zirenek, ordea, ez zuten erabakia ulertu. Izan ere, Espainiako Kopa irabazi ondoren utzi nuen lehia. Jarraitzeko esaten zidaten, oraindik onenetakoa nintzelako, baina jardun horrek ez ninduen betetzen, ez zuen zentzurik jarraitzeak". 

Eskaladari adiorik ez 

Txapelketak utzita, eskalada beste era batera bizitzeko gogoz da orain Carretero. Donostiako rokodromo batean egiten du lan ekipatzaile gisa –bide berriak zabaltzeaz edo horma artifizialetan bloke berriak sortzeaz arduratzen dira horiek–. "Oso motibatuta" dagoela aitortu du: "Espainiako txapelketak ekipatzeko beharrezkoa den titulua ateratzen ibili naiz azken bi urteotan. Nire asmoa mundu mailan ekipatzen aritzea da".

Garbi du ez duela lehiaketen mundura itzultzeko inongo asmorik, ez behintzat etorkizun hurbilean: "Pare bat urtez bada ere, Espainiako txapelketak ez ditut usaindu ere egin nahi. Txapelketa herrikoiren batera edo inguruko lehiaren batera akaso joango naiz, baina disfrutatzera eta lagunekin egotera".  

Hitz egiten ari den heinean, badirudi urte hauetan guztietan pilatutako nekeak eta presioak uxatu dituela. "Txapelketak alde batera lagata, inoiz baino indartsuago eta motibatuago nago; pisu hori kentzea sekulakoa izan da. Orain harrian eskalatzera joateko motibatuta nago. Eskaladan aritzen den kuadrilla handi bat daukat Zumaian, bikotekidea ere eskaladan aritzen da, eta hormetan ibiltzeko inoiz baino gogo handiagoa dut, egia esan". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!