Haurrentzako ipuin kontaketarekin amaituko da irakurzaletasuna sustatzeko antolatutako ekintza sorta

Onintza Lete Arrieta 2025ko api. 13a, 08:00

Miriam Mendoza ipuin kontalari zarauztarra.

Asteartean 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako Beldurrak airean, irrifarra ahoan ipuin bilduma ekarriko du Miriam Mendozak Zumaiara. 

Zumaiarren irakurzaletasuna sustatzeko lau ekintza antolatu zituzten apirilean eskaintzeko Alondegian, eta astearte honetan izango da horietako azkena. Haurrentzako ipuin kontaketa saioa egingo dute haur liburutegian, 17:30ean hasita. 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako Beldurrak airean, irrifarra ahoan bilduma ekarriko du Miriam Mendozak. 

Hilaren aurrenean egin zuten aurreneko saioa: Irakurri Matte Zumaiako irakurle taldeak Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak liburua izan zuen hizpide, eta  Zulaika bera saioan izan zen.

Astebete geroago, Titiritari liburua aurkeztu zuten Anita Maravilla antzerki konpainiako kideek, eta herenegun, ostiralean, Giros, vueltas y mundos liburuaren aurkezpen musikatua egin zuen Jose Luis Oiarzabal Ielu liburuaren egileak, Salda DJa eta Ander Hormazuri lagun hartuta. Azken horrek margolan bat ondu zuen aurkezpenean bertan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide