Tailerra egingo dute datorren asteazkenean, Mugikortasun planeko ekintzak lehenesteko

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 5a, 09:00

Herritarrak Zuloaga plazatik pasatzen.

Mugikortasun planeko ekintzak lehenestea izango du helburu ekainaren 11n egingo duten tailerrak. Bertan parte hartzeko asmoa dutenek aurrez izena eman beharko dute. 

Duela urtebete pasa iragarri zuen Zumaiako Udalak Mugikortasun plana diseinatzeko prozesua hasi zuela. Haren helburua, udalaren esanetan, herria leku irisgarriagoa, seguruagoa eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa bilakatzera bidean pausoak ematea zen, baita herri atsegina izatea ere bizilagun guztientzako. Bere momentuan, galdetegi bat betetzera ere animatu zituzten herritarrak. 

Prozesu haren barruan, tailerra egingo dute datorren asteazkenean, ekainaren 11n, Alondegiko Oxford aretoan, 18:30ean. Bertan, planean jasotako ekintza nagusiak azaldu, eta horiek lehenesteko ariketa kolektiboa egingo dute. 

Tailerra herritar orori zabalik dago, baina parte hartu nahiko dutenek aurrez izena eman beharko dute mugikortasuna.zumaia.eus webgunean aurkituko duten formularioa beteta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide