Sara Uribe-Etxeberria idazleak hartu du ekaineko Zumaia Guka aldizkariaren azala. Lehen poemarioa argitaratzear da Donostia Kultura Poesia Saria eskuratu berritan, eta azken urteotan hainbatetan saritu dute.
Mugimendu asko izan da azken urteotan Zumaiako ostalaritzaren ekosisteman. Betiko taberna batzuen ateak itxi dituzte, eta berriren bat edo beste zabaldu dute; eskualdatzeak izan dira jatetxe batzuetan, eta negozio batzuk salgai ere jarri dituzte. Horrez gain, joera aldaketak ere izan dira herrian: tabernazaleen guneak lekualdatu egin dira, eta kontsumorako beste modu batzuek hartu dute indarra. Gai horri buruzko erreportajea ere jaso du ekaineko zenbakiak.
Beste hainbat eduki ere bai: Asensio Artetxe autobus gidaria Erretratua atalean, Shalma Midje futbolariari elkarrizketa, ekainean Oxforden bere azken margoak erakutsiko dituen Josean Legorbururen hitzak...
Bazkideek etxean jasoko dute, eta gainerakoek, ohiko salmenta puntuetan eskuratu ahal izango dute: A3 inprimategian, Aizpurua liburu dendan, Mandalan, Jotabi okindegian, Arkupe okindegian eta Ogi Berri Amaia plazan.