Hiru garaipen jokatutako lau borrokaldietan

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 9a, 11:46

Zumaiako klubeko lau boxeolariak, larunbateko borrokaldian. (Zumaia Cuban Boxing)

Zumaia Cuban Boxing klubeko lau boxeolari igo ziren larunbatean Aitzuriko ringera. Hiru garaipen lortu zituzten, eta porrot bakarra jasan. 

Boxeo jaialdia egin zuten larunbat arratsaldean Zumaiako Aitzuri frontoian. Herriko klubeko boxeolariek herritarren aurrean borrokatzeko aukera izan zuten. Guztira, Zumaia Cuban Boxingeko lau boxeolari igo ziren ringera. Hasiera batean bost ziren lehiatzekoak, baina Iñaki Loperen borrokaldia bertan behera geratu zen lesioagatik. 

Jaialdiak "oso sentrazio onak" eman zituela azpimarratu du klubeko arduradun Ruben Arredondok, "merezitako hiru garaipenekin eta porrot batekin". Jaialdia ikustera jende ugari hurreratu izana ere txalotu zuen klubeko buruak.

Xare Duranek, 53 kiloan, debuta egin zuen, baita borrokaldia irabaz ere. Xuban Aburuzak, 67 kiloan, "boxeo oso teknikoa" erakutsi zuen, eta gauzak erraz jarri ez zizkion boxeolariaren aurrean garaipena lortu duen. Hirugarren garaipena Jesus Magnevyk lortu zuen, 67 kiloan, borrokaldi handia egin eta gero. Mady Diamek, bere aldetik, ez zuen eguneik onena izan. 64 kiloko borrokaldian nagusi izan zen bere aurkaria. 

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide