Ansereo izenekoa Bilboko Elai enpresak azpikontratatutako enpresa bat da, eta bertan egiten du lan Yassin El Idrissik. Elai lorategien eta futbol zelaien mantentze lanez arduratzen da, eta herri askotan enpresa txikiak ditu kontratatuta; Zumaian, esaterako, Ansereo enpresak ematen du zerbitzu hori. Hango langileek eguneroko lorezaintza lanak gauzatzen dituzte. Horiek, lanera joan orduko, egunean zehar egin beharrekoen zerrenda izaten dute eskura; Zumaiako eta inguruko hainbat auzotako (Oikia, Narrondo...) mantenuari dagokizon lanak izan ohi dira. Hau da, lorategiak eta eremu berdeak mantentzeko eta edertzeko askotariko lanak egiten dituzte. Besteak beste, garbiketa eta mantenu lanak; hau da, eroritako hostoak bildu, belar txarrak kendu eta eremua ordenatuta mantentzen dute. Inaustu eta moztu ere egiten dituzte landareak eta zuhaitzak; hau da, horiek egoera onean eta forma egokian mantentzen dituzte. "Batzuetan errepidean erorita dauden zuhaitzak jasotzea tokatzen zaigu; kasu horretan, egurrak moztu eta Zarauzko zabortegira eramaten ditugu", adierazi du El Idrissik.
Bestalde, Zumaiako Udalaren kontrolpean aritzen direla azaldu du hark. "Herritar batek kexaren bat baldin badu, loreak erori direlako edota belarra luzeegia dagoelako, udalak gugana jotzen du. Beste lan guztiak albo batera utzi behar izaten ditugu udalaren aginduak bete ahal izateko".
Tresnak
"Gehienbat, sasiak garbitzeko makina erabiltzen dugu, aldapatsuak diren inguruetan edota traktorearekin igarotzea ezinezkoa denean", azaldu du El Idrissik. Lorategiko lanetarako erabiltzen duten makina bat da hori. Haren funtzio nagusia belarra eta sasiak moztea da, eta leku zailetan lan egiteko aukera ematen du, beste tresna batzuekin iristea zaila den tokietan. Bestalde, haize makina edo hosto jasotzailea ere lorezaintzarako ezinbesteko tresna dela azpimarratu du lorezainak: "Airearen indarra erabiliz hostoak, belarrak eta bestelako hondakinak biltzeko eta garbitzeko erabiltzen da".
Tramankulu horiez gain, egunerokoan beste hainbat lanabes erabiltzen dituztela dio lorezainak; besteak beste, pertika, zuhaixkak egiteko artaziak, zizailak eta bestelako tresnak.
Garbitasuna ezinbesteko
Zelaiak eta loreak txukun eta ongi mantentzeko garrantzitsuena garbitasuna da, El Idrissiren ustez. "Azken finean, zenbat eta gehiago moztu belarra, finagoa izaten da, eta mozten duzun belarra zelaian bertan geratzen da. Ondorioz, belar asko baldin badago, zaindu gabe dagoela dirudi, baina, gutxi dagoenean, txukunagoa dagoen sentsazioa eragiten du. Ondo mantenduz gero, golfeko zelai baten itxura hartzen du belardiak, eta hori egokiagoa da, garbiagoa".
Bestalde, lan egiten duten guneak ere izan ditu hizpide lorezainak: "Txukuntzeko zailenak diren guneak seigarren zonaldekoak dira, lur asko ez dutenak. Zonalde horretan, sustraiak ez ditu isuritako likidoak oso ondo barneratzen, eta, beraz, mantentze lan konstante bat behar izaten du guneak". Zaintzeko eremu errazenak, berriz, hezetasun handiko zonaldeak direla iruditzen zaio lorezainari.
Lanaren erronkak
El Idrissik azaldu duenez, bere lanaren desabantaila nagusietako bat lorezaintzarako dagoen langile kopuru txikia da. Hiru pertsona bakarrik aritzen dira lan horretan Zumaian, eta horrek zaildu egiten du lan guztiak garaiz eta behar bezala egitea. Horrez gain, tresna eta makineria gehiago behar dutela dio, lanak eraginkortasunez gauzatzeko. Egin beharreko oinarrizko lanak egiten dituzte eta enpresa pixkanaka-pixkanaka aurrera doa, baina, "pertsonala" falta dela azaldu du. "Gutxi gara, Zumaiako eta inguruko hainbat auzotako lanak egiteko hiru lagun bakarrik gaude, eta ez hori soilik, makineriari dagokionez, tresna gehiago behar ditugu lanerako, bestela, ez gara egunero eskatzen dizkiguten lan guztiak egitera iristen", adierazi du.
Etorkizunari begira, El Idrissik enpresara langile gehiago ekartzea espero du. Izan ere, haren arabera, langile gehiago izateak eta tresna berriak eskuratzeak lanak "errazago eta azkarrago" egitea ahalbidetuko luke. Horrez gain, teknologia berriak txertatzea ere garrantzitsua iruditzen zaio, "lorezaintza lanak optimizatzeko eta ingurunea hobeto zaintzeko".
Hala eta guztiz ere, dituen lankideekin "oso eroso" sentitzen da. "Egunero gauza berri bat ikasten dut, eta hori da gehien gustatzen zaidana", dio. Nahiz eta egunero erronka berriekin topo egin bidean, azpimarratu du "gogotsu" joaten dela lantokira.
Komunitatearekiko harremana
El Idrissik nabarmendu duenez, Ansereo enpresa Zumaiako eta inguruko komunitatearekin "harreman estua" mantentzen saiatzen da beti. Udalarekin lankidetzan aritzen dira, eta lehen aipatu bezala, herritarren eskaerak eta iradokizunak kontuan hartzen dituzte. "Komunitatearen beharrak asetzea eta ingurunea hobetzea ditugu helburu, eta horretarako, herritarren parte hartzea eta elkarlana sustatzen ditugu", adierazi du lorezainak.
- Adina: 20 urte.
- Ikasketak: Zikloa Zumaiako soldadura eskolan.
- Lanbidea: Lorezaina.
- Lorezaina ez banintz… egun batez autonomoa izatea gustatuko litzaidake lorezain gisa edo mekaniko gisa.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… hondartzan futbolean ibiltzea.