Amezmendin erleei bideratutako ekosistema berezia sortu duten Cesar Irazabal eta Mikel Arrieta erlezainak hartu dute uztaileko Zumaia Guka aldizkariko azala. Dozena inguru erlauntza dituzte bertan, eta zuhaitz mota desberdinak landatu dituzte bertan, beti ere erleei begira. Gai horren inguruko erreportajea jasotzen du uztaileko aldizkariak.
Frida Watkins puntistak, gaztea izanda ere, sona hartu du zesta punta munduan. Denbora gutxian maila goreneko bi txapelketa irabazi ditu, Zumaian eta Bilbon, eta emakumeen Jai Alai Ligako sailkapenean gora egin du. Uztaileko aldizkariko protagonista da puntista zumaiarra.
Mutrikun jaioa, baina Zumaiako bizilaguna, arraunean aritu zen Andoni Zubiaurre Telmo Deun traineruan, baina kirol jarduera hura utzita, herri kiroletan dabil orain, txingatan eta trontzan txapelketak irabaziz. Hitz tantak atalerako elkarrizketatu dute.
Xabier Dominguez taberna munduan hasi zen lanean, Txitxarro diskotekan, Kabi tabernan. Taberna propioa ere izan zuen, Algorri, Mandala denda zabaldu zuen arte. Beste jarduera batzuen artean, abarkak ere egiten ditu. Erretratua egin diote uztaileko Zumaia Guka aldizkarian.
Horiez gain, beste gai gehiago ere aurkituko dituzte irakurleek uztaileko aldizkarian.
Bazkideek etxean jasoko dute, eta gainerakoek, ohiko salmenta puntuetan eskuratu ahal izango dute: A3 inprimategian, Aizpurua liburu dendan, Mandalan, Jotabi okindegian, Arkupe okindegian eta Ogi Berri Amaia plazan.