Auzolanean kenduko dituzte landare inbaditzaileak larunbatean Santiagoko dunetatik

Juan Luis Romatet 2025eko uztailaren 9a

Iazko udazkenean egindako saioko irudia. (Urtzi Oteiza)

Santiagon hedatutako landare exotiko inbaditzaileak kentzeko auzolan saioa deitu dute larunbat goizerako. Bi orduko jarduera izango da, 10:00etan hasiko dena, eta ez da aurrez izenik eman beharrik izango. 

Santiago hondartzako dunetan sustraitutako landare inbaditzaileak kentzeko saio desberdinak egin dituzte azken urteotan, ekosistema horren garrantziaz eta aberastasunaz ohartuta. Azkena iazko urriaren amaieran egin zuten, eta Aranzadiko kide batek gidatuta atera zituzten landare mota exotiko horiek.

Hurrengo larunbaterako, uztailaren 12rako, beste auzolan saio bat deitu dute, asmo berarekin: dunetan ateratako espezie exotiko inbaditzaileak deuseztea eta kontrolatzea, hain zuzen. Goizez egingo dute saioa, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Sorosleen kabinan elkartuko dira parte hartzaileak, eta handik dunetara joango dira auzolanari ekitera. Saioa hasi aurretik gaiaren inguruko azalpenak emango dituzte, eta argibide zehatzak emango dituzte landareak identifikatu eta horiek modu seguruan ateratzeko.

Jarduera horretan parte hartzeko ez da izenik eman beharrik izango. Hori bai, arropa erosoarekin joatea gomendatzen dute. Lekuan bertan erauzketarako materiala eskura jarriko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide