Janire Gonzalez Etxabarri txapeldunorde izan da Lacanauko Qualifying Series surf txapelketan

Maria Maya Manterola 2025eko uztailaren 14a

Janire Gonzalez Etxabarri, surfean, Lacanauko txapelketan. (WSL)

Finalerdia Anette ahizparen aurka jokatzea egokitu zitzaion; hirugarren sailkatu da hura. 

Garaipen ugari pilatzen ari dira Gonzalez Etxabarri ahizpak uda honetan. Hegoafrikan Ballito Pro txapelketa jokatu ondoren, Lacanaukoan (Akitania Berria, Frantzia) izan dira igaro berri den asteburuan, eta beren maila erakutsi dute beste behin ere. 

Janire Gonzalez Etxabarri txapeldunorde izan da han. Finalerdietan Anetteren aurka aritzea egokitu zitzaion, eta behin hura gaindituta, Anat Lelior israeldarraren aurka jokatu zuen final handia. Ezin izan zuen mendean hartu –Leliorrek 9,50 puntu lortu zituen; Janirek, 8,90–, eta bigarren sailkatu zen. Hirugarren izan da, beraz, Anette ahizpa.

Europako Qualifying Serieseko denboraldiko lehen proba izan da Lacanaukoa. Ondorengo hitzordua Kornuallesen (Erresuma Batua) izango dute, abuztuaren 6tik 10era bitartean jokatuko duten Boardmasters Open proban.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide