Asensio izena agertzen da haren nortasun agirian, baina apenas inork ezagutuko duen izen horrekin, lagun eta ezagunentzako Axen delako. "Berez, nire izena Ascensio da. Aititaren izena zen, eta gure etxeko lehenengo bilobari izen hori jartzea eskatu zuten. Etxean, baina, ezetz esan zuten. Ni bigarrena naiz, eta ez nintzen salbatu", dio. Euskotrenek Zumaiako tren geltokiaren ondoan duen kotxeretan argazki batzuk atera ondoren, terraza batean eseri eta kafe baten laguntzarekin, bere ofizioaz hitz egin du.
Mendarotarra jaiotzez, hogei urte pasa daramatza Asensio Artetxek (Mendaro, Gipuzkoa, 1968) Zumaian bizitzen. Hasiera batean, asteburuetan bakarrik etortzen zela dio. Denborarekin emazte bihurtuko zena zestoarra da, eta Zumaian geratzen ziren biak zerbait hartzeko. "Gure amak esaten zuen pisu bat erosi beharko genuela, eta Zumaia asko gustatzen zitzaidanez, hona etortzea erabaki genuen. Hondartza asko gustatzen zait, eta hemen ederki asko bizi naiz", adierazi du.
Azken urteotan autobusak gidatzea izan du ofizio, baina aurretik, urte askoan, garraiolaria izan zen. "27 urtez autonomoa izan naiz, eta kamioiarekin aritu naiz lanean", azaldu du. Gehienbat, egun Agoten (Zestoa) lantokia duen Etxeberria prefabrikatuen enpresarekin lan egiten zuen. "Orduan Mendaron eta Lezaman [Bizkaia] zituen lantokiak. Mendaron zegoenean, nire fakturazioaren %60 edo %70 harekin lortzen nuen. Baserritarrekin ere egiten nuen lan, baita beste enpresa batzuekin ere. Lan asko zegoen, eta urte onak izan ziren haiek niretzako", dio.
2008. urtean, baina, mundu mailako krisialdia lehertu zen. Lehen bi urteetan saihestu zuen olatua, baina 2010ean bete-betean kolpatu zuen. "Ordura arte nahiko ondo eutsi nion, baina urte hartako abuztuan egoera erabat okertu zen. Kili-kolo ibili nintzen, beste enpresa batzuentzako lanean, bizirauten". Orduan izan zuen kamioia alde batera utzi, denbora baterako bazen ere, eta beste lanbide batean hasteko aukera. "Esan zidaten autobus gidari bat behar zutela abuzturako. Apuntatu egin nintzen, eta deitu egin zidaten. Abuztuan egin nuen lan, irailean kalera joan nintzen, eta urrian berriro deitu zidaten".
Garraiolari izatetik autobus gidari izaterako jauzia ez zen handiegia izan Artetxerentzako. "Aldaketa handiena izan zen jendearekin lan egitea. Bestalde, ez nuen inoiz ibilgailu artikulaturik eraman, baina ikusi nuen nahiko erraza zela. Auto edo furgoneta bat gidatzen badakizu, ez da hainbesteko aldaketa. Kamioia gidatzetik nentorren, eta segituan moldatu nintzen", gogoratu du.
Lanbide berrian etorkizuna zuela ikusita, garraiolari txartela saldu zuen lehendabizi, eta garabidun kamioia ondoren. "Kamioiak ez zuen askorik balio, baina garabiak bai. Interneten jarri nuen salgai, eta Meridako [Espainia] enpresa batek erosi zidan. Egun batean etorri ziren, ikusi zuten, eta astebetera eraman zuten".
Behin oposizioak gaindituta, Euskotreneko langilea da egun. Zumaian du, gainera, plaza. Enpresa publikoarekin, Gipuzkoako eta Bizkaiko lau autobus lineatan egiten du lan: Zumaia eta Donostia artean (UK09, UK10 eta UK11 lineak); Zarautz, Aia eta Orio arteko UK08 linean; Donostia eta Eibar eta Donostia eta Ermua arteko DB02 linean; eta Lekeitio eta Donostia artekoan. Astunena Aiakoa dela dio, baina Zumaia eta Donostia arteko herriz herriko UK09 linea ere "hortxe-hortxe" dagoela uste du.
Urte hasieran jasotzen du urteko egutegia, eta aste bakoitzean zer linea bete behar duen adierazten diote. Egunean, zortzi ordu sartu behar izaten ditu, eta eguneko bi joan-etorri luze egin. Tartean, atseden hartzeko aukera izaten du kotxeretan atondutako atseden gelan.
Ordutegia "Biblia baten modukoa" dela dio, zorrotz bete beharrekoa. Badakite zer ordutan atera behar duten autobusek eta zer orduren inguruan heltzekoak diren. Dena den, bidean aurkitu ditzaketen ezbehar, obra edo txirrindularien joan-etorriek ordutegia kolokan jar dezaketela dio. "Zumaiatik atera eta Zarautzera heltzerako atzerapenarekin bazoaz, hori guztia pilatu egiten da, eta azkenean minutu pila bat galtzen dituzu".
Gauez, arazoak
Gauez ere lan egitea tokatzen zaio, eta kasu horretan bidaiari batzuen jarrera ez oso atseginarekin topo egin behar izaten du sarritan. "Jendeak edaten duenean arazoak izaten ditugu. Jendeak ez du egoera kontrolatzen, eta azkar sartzen saiatzen dira. Gero, barruan, bultzaka hasten dira, [gelditzeko] botoiari etengabe ematen diote, txorakeriak egiten dituzte, txiza egin, botaka... Segurtasuneko langile bat joaten da gurekin, baina askotan ezin izaten du ezer egin".
Garbi dauka Artetxek bere lana bidaiariak ahalik eta ondoen eramatea dela, eta aurrez aipatutako egoerak tokatzen badira, autoritatea erakutsi behar duela. "Ikusten baduzu pertsona bat sekulako mozkorrarekin dagoela, esaten diot, mesedez, ordubete egoteko eta hurrengo autobusa hartzeko. Horretarako boterea badugu".
Tren makinista lanetan ere aritu zen bi urtez. "Oposizioak egin nituenean, lan poltsa batean sartu nintzen. Deitu zidaten esanez trenerako makinistak behar zituztela, eta formakuntza bat eskainiko zigutela". Prestakuntza gogorra izan zela du gogoan. "Dezente ikasi behar zen". Trenean lanean hasi zenean, Abadiñora (Bizkaia) joan behar izaten zuen egunero, baina une hartan jakin zuen Zumaian plaza lortu zuela. "Gustura nenbilen trenean, eta esan nien jarraituko nuela han, betiere dietak ordaintzen bazizkidaten. Esan zidaten nire plaza Zumaian nuela, eta autobusarekin jarraitu nuen".
Ez da damutzen treneko lana utzi izanarekin. "Orain, gustura nago autobusarekin lanean. Etorkizunean, ez dakit zer gertatuko den. Agian, berriro trenekin lan egitera bueltatu beharko dut, baina dudan adinarekin, uste dut autobusekin jarraituko dudala. Bizitza osoa egin dut errepidean, eta erosoa egiten zait".
- Adina: 56 urte.
- Ikasketak: Lanbide Heziketako zikloa.
- Lanbidea: Euskotreneko autobus gidaria.
- Autobus gidaria ez banintz… Irudia eta Soinua ikasteko gogoa nuen, baina soldadutzatik bueltan lanean hasi nintzen.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Arratsaldeetan karta partidak jokatzea dut gustuko, txakurrarekin mendi bueltak egitea eta hondartzara joatea. Ia urte osoan bainatzen naiz, eta elkarrizketa hau bukatzean bainatzera joango naiz.