Erretratua

Xabier Dominguez: "Jaietan baserritarrez janztean, abarkak edo alpargatak eramatea gustatuko litzaidake"

Iraia Korta Altuna 2025eko abuztuaren 5a

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La veceria.

Xabier Dominguez (Zumaia, 1973) gaztetatik ibili da barraren atzean lanean. Autonomoa da eta hainbat lanbide izan ditu, baina, gaur egun, 2014az geroztik, Mandala dendako jabea da.

Uztaileko Zumaia Guka aldizkariko Erretratua ataleko erreportajea da honakoa.

Taberna baten buru izatea zen, printzipioz, bere gogoko ogibidea. 15 urte zituela, Txitxarro diskotekan hasi zen lanean, eta 23 urte bete arte bertan jarraitu zuen. Hura bukatu ondoren, Zumaiako Kabi tabernan hasi zen lanean, eta han aritu zen Erribera kaleko taberna bat, Algorri, libre geratu zen arte. "Ez genuen zailtasunik izan, lokalaren jabea ezaguna nuen, eta erreforma txiki batzuk egin bezain laster ireki genuen taberna".

Gehien gustatzen zitzaiona barran jardutea zela esan du Dominguezek. Gainera, Erribera kaleko taberna bat berea izateak lanean gogotsu hasteko indarra eman ziola azaldu du. 2000. urtean hasi ziren martxan. "Familiakoen artean erabaki genuen taberna hura erostea; aita eta ama sukaldeaz arduratzen ziren bitartean, nire arrebak eta nik barra atzeko lanean jarduten genuen".

Jendaurreko lana gustuko duela dio Dominguezek. "15 urte ditudanetik egin dut lan jendearen aurrean. Naturalki irteten zait, horretarako jaioa naizela esango nuke. Batzuetan pentsatu izan dut alde egingo nukeela beste zerbaitetan hasteko, baina, gehienetan oso gustura aritzen naiz".

Denbora igaro ahala, bere familia eraikitzen joan zen, eta, pixkanaka-pixkanaka, taberna hasieran zuen indar hura galduz joan zen. "Asteburu guztietan lanera joan beharrak ere atzera botatzen ninduen", adierazi du. Azken finean, "korrontearen kontra" bizi zela iruditzen zitzaion, eta familiarekin denbora gehiago pasatu nahia sentitzen zuen. Horretaz gain, 2007. eta 2008. urteetan lege berriak ezarri zituztela ere ekarri du gogora. "Intsonorizazio legeak, ordutegiak...". Ondorioz, beste zerbaiten bila hasi zen. "Nire emaztea irakaslea da; emaztearen lehengusua, aldiz, diseinu grafikoan aditua, eta eskolako materialaren inguruan zerbait muntatzeko ideia otu zitzaigun".

Horrela, 2014ko ekainean taberna utzi, eta abuzturako denda martxan jarri zuten. Azkoitiko Ikasi Group enpresaren bidez lortu zuten beharrezko material guztia. "Hasieran eskolarako materiala eskaintzen genuen, baina baita lehengo nagusiak saltzen zituen beste hainbat gauza ere. Izan ere, abarkak, alpargatak eta euskal jaietako arropak saltzen zituen hark, eta tradizio hari eutsi al genion galdetu zigun, tristura ematen baitzion herria horrelako materialik gabe uzteak". Urte batzuk geroago, aldizkariak saltzen ere hasi ziren. "Aldizkariak-eta saltzen zituen denda [Foto Gar] itxi zuten, eta bertako nagusia galdezka etorri zitzaigun ea haiek salduko ote genituen". Horrela, denborarekin, era askotako materiala saltzen duen denda bihurtu da Mandala.

Abarken munduan murgiltzen

Hori guztia nahikoa ez balitz bezala, pandemia garaian, 2020an, abarkak egiten hasi zen Dominguez. Denda ireki zuenean, abarkak, alpargatak eta euskal arropak beste denda batzuetatik ekartzen zituen, ondoren berean saltzeko. Urte batzuk geroago, abarkak erosten zituen denda itxi egin behar zutela jakin zuen. Lagun batek esan zion abarkak saltzen zituen lokal bat zuela, eta saldu bakarrik ez, eskuz egiten zituen. Lagun hark abarkak nola egiten zituen erakutsi zion, eta jubilatu zenean, Dominguez bera hasi zen abarkak egiten.

Abarkak pneumatikoen antzeko materialez eginda daudela azaldu du Dominguezek. "Nire laguna, Juanjo Irureta, material egoki baten bila ibili zen abarka biguna eta erosoa izan zedin, eta horrela lortu zuen abarkak egiteko materiala". Bi abarka mota daudela azaldu du, Azala eta Zakona. Biak material berdinez daude eginda, baina, Azala motakoa zaharragoa da, puntan bukatzen da eta laua da; Zakona, aldiz, berriagoa da, orpoa du eta ez da puntan bukatzen". Azken hori erosoagoa dela dio. "Jaietan erabiltzeko pentsatuta daude, baina, ez dira mendiko botak bezala lotu behar. Sokak beraien tokian joan behar dute eta ongi lotu behar dira, ez oso estu, eroso egoteko".

Tradizioa jarraituz

Juanjo Irureta zarauztarrak sortu zituen abarka haiek goraipatu ditu Dominguezek. Berari lan horretan jarraitu ahal izateak ilusio handia egiten diola aitortu du. "Zerbait neurea izango banu bezala sentitzen dut, ez da nik sortua, baina, nik honetan jarraitzeko Juanjok konfiantza emateak ilusio handia sorrarazi dit".

Orain arte, ordea, beti "mamu" berdina izan duela azpimarratu du. Herritarrek, jaietan, zapia, alkandora edota gona jazteko ohitura dutela, baina, hanketan abarka gutxi ikusten dela azaldu du. "Fede gutxi izan dut, baina, orain pixkanaka-pixkanaka argia ikusten ari naiz, herri batzuetan ohitura galduko ez delakoan bainago".

Oinetara begira

Telebistan dantzariak ikusten dituenean arreta beti oinetakoetan jartzen duela ere aitortu du, alpargata horiei zintak berak jarri dizkien edo ez jakin nahian. Eibarko dantza talde batek, adibidez, kolore jakin bateko zintekin lotutako alpargatak eskatzen dizkiotela esan du, eta haiek ez ezik Euskal Herrian zehar dantzan ibiltzen diren dantzari askok oinetan berak lotutako alpargatak erabiltzen dituztela esan du. "Erabat asebetetzen nau horrek".

Jaiak gerturatu ahala, alpargatei kolore desberdinetako zintak jartzen aritzen da Dominguez. "Dendara etortzen zaizkidan herritarrek nahi duten kolorea aukeratzen dute eta ondoren alpargatei zintak jartzen dizkiet nik. Jendea harrituta geratzen da, arraroa izango balitz bezala, baina niri tradizio hau mantentzeak ilusio handia sorrarazten dit", dio Mandala saltokiko jabeak.

"Gustatuko litzaidake jaietan baserritarrez janzten diren guztiak abarkak edo alpargatak izatea oinetan", errepikatu du behin eta berriz Dominguezek. Gaineratu du ohitura horiek mantenduko ez balira ezinezkoa izango litzatekeela berea gisako artisau lanei eustea. "Kate bat sortu behar dugu saltzaileok gure ondorengoei erakusteko, beti ere, erosleek ohitura hauek mantenduz gero".

Xabier Dominguez

Adina: 51 urte.
Ikasketak: oinarrizko ikasketak.
Lanbidea: dendaria.
Dendaria izango ez banintz… tabernan jarraituko nuke lanean.
Lanetik ateratzean gogoko dut… oinez ibiltzera joatea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide