Aitor Agirre txirrindulari zumaiarrak ez du esperotako debuta izan Euskaltel-Euskadi taldearekin. Atzo abiatu zen Danimarkako Tourrean lehiatu zen Agirre talde laranjarekin, baina ezin izan zuen etapa bukatu; tropelaren erritmoa ezin izan zuen jarraitu, eta atzean geratu zenean epaileek kanporatzea erabaki zuten.
Danimarkan jokatzen duten itzuliko lehen etapa izan zen atzokoa, baita gogorrena ere. Errepide estuetan barrena aritu ziren txirrindulariak, eta amaieran igoera bat ere izan zuten. Profesional mailako karrera, World Tourrean aritzen diren taldeak ere parte hartzen ari dira, eta horrek oraindik eta gehiago handitu zuen erritmoa. Horren adibide da Euskaltel-Euskadi taldeak aurkeztu duen txirrindulari taldetik bi bakarrik heldu zirela tropelean: Axel Van der Tuuk eta Unai Zubeldia. Besteek denbora asko galdu zuten. Irabazlea Lidl-Trek taldeko Mads Pedersen izan zen, egun mundu mailako esprinterrik onenetakoa.
Danimarkako esperientzia uste baino azkarrago bukatuta, afizionatuen taldera itzuliko da Agirre, etorkizun hurbil batean lehen taldera itzultzeko esperantzarekin. Belgikan edota Frantzian korrituko dituzten klasika batzuetan aritzeko aukera izan dezake zumaiarrak.