Oliver Perez Amas: «Ona izateko, argazki batek atentzioa eman behar du»

Unai Zubeldia/Berria 2025eko irailaren 21a

Oliver Perez (erdian), 2023ko urtarrilean Alondegian zabaldutako erakusketa batean. (Juan Luis Romatet)

Karabela portuges bati Lekeition ateratako argazkiarekin irabazi du Perez Amasek Berriaren udako argazkien lehiaketa. Ez zen haren bila joan: parean agertu zitzaion argazkia. Egunkarian bertan elkarrizketatu dute argazkilari zumaiarra. 

Gora begira joatea zen haren asmoa, baina behean aurkitu zuen altxorra. Oliver Perez Amas (Zumaia, Gipuzkoa, 1976) itsasoko hegaztiak ikusteko asmoz abiatu zen udan Lekeitiotik (Bizkaia), Kulixka itsasontzian, baina zeru aldean ez, itsasoan topo egin zuen kolore festarekin. Karabela portuges bati ateratako argazki batekin irabazi du Berriaren udako argazkien lehiaketa.

Argazkiari begiratuta, «lasaitasuna» izan daiteke sentsazioetako bat, «edertasuna» beste bat...

Arriskutsua bezain ederra izena jarri nion argazkiari, eta horrela deskribatuko nuke nik. 

Begira egoteko ederra baita karabela portugesa, baina arrisku pixka bat ere sortzen ari baita azkenaldian...

Albiste askotan agertzen ari da, bai, hondartzetan bainua debekatu dutela eta bat eta beste. Arrisku pixka bat badauka.

Baina, tira, lehiaketa bat irabazteko aukera eman dizu zuri, eta maitea izango duzu dagoeneko...

Txiki-txikitatik gustatzen zait natura, eta beti saiatzen naiz horrelako aukerak aprobetxatzen.

Izozmendien itxura pixka bat badaukate karabela portugesek, ur azalean ikusten den baino askoz gehiago izaten baitute gordea ur azpian.

Hala da, bai. Ikusgarria da goitik edo ur azaletik begiratuta, baina hamar metrorainoko garroak izan ditzake ur azpian, eta pentsa noraino hel daitekeen. Horregatik da hain arriskutsua. 

Hegaztiei argazkiak ateratzera joan zinen zu berez, baina gora begira ez dago halako argazkirik ateratzerik...

[Barrez] Ez, ez. Baina hala suertatu zen. Lekeitiotik atera ginen, Kulixka itsasontzian, itsasoko hegaztiak ikusteko asmoz. Irteerak antolatzen dituzte, bereziki itsasoko hegaztiak ikusteko, nahiz eta zetazeoak-eta ere ikus daitezkeen. Portutik atera bezain laster agertu ziren karabela portugesak, sakabanatuta. Patroiari eskatu nion hurbiltzeko mesedez, eta primeran portatu zen. Eskerrak eman beharrean nago Asier patroiari, Jon Zubiaurri... 

Irakurri elkarrizketa osorik, hemen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide