Izaskun Zorita: "Pentsatu behar dugu erabiltzen dugun plastiko guztia beharrezkoa ote den"

Gorka Zabaleta 2025eko urriaren 4a

Geoparkeko Gontzal Torre eta Aztiko Izaskun Zorita eta Maria C. Uyarra ikerlariak, Running Minds ekimenean.

Running Minds ekimenean hartu dute parte Aztiko ikerlari Izaskun Zoritak eta Maria C. Uyarrak, plastikoek eta mikroplastikoek gure kostaldean eragiten dituzten arazoen berri emateko.

Zergatik da egokia kostaldeko ingurune hau mikroplastikoen inguruan hitz egiteko?

Badaudelako itsasoaren osasuna kolokan jartzen duten hainbat arrisku, eta horietako bat mikroplastikoen kutsadura da.

Zer dira mikroplastikoak?

Mikra batetik bost milimetrora arteko tamaina duen edozein plastiko zatiri deitzen diogu mikroplastiko. Mikra bat baino txikiagoak nanoplastikoak dira.

Beraz, mikroplastiko batzuek ikusteko moduko tamaina dute.

Bai, dilista baten tamainakoak dira handienak; txikienak, hauts partikula baten neurrikoak, eta azken horiek begi bistara ez dira nabaritzen.

Nola sortzen dira mikroplastikoak?

Batzuk primarioak dira, alegia, industriak ekoizten ditu gero plastikozko edozein produktu egiteko. Perlatxoen modukoak dira. Bestetik, bigarren mailakoak daude, alegia, plastiko zati handiagoak puskatuta edo zatituta sortu direnak. Plastiko zati handi bat iristen denean itsasora, pixkanaka desegiten hasten da. Badakigu oso erresistentea dela plastikoa, baina talken bidez, olatuen bidez, gazitasunaren eraginez, mikroorganismoek eraginez, pixkanaka, degradatu egiten dira eta zatitxoak sortzen dira. Hauek dira kudeatzeko zailenak.

Eta zer arazo eragiten dituzte mikroplastikoek itsasoko ekosistemetan?

Hiru motako arazoak ikusi ditugu. Batetik, efektu fisikoak, batez ere plastiko handien kasuan. Ohikoa da animaliak itotzea sare edo plastiko zatiekin kateatuta, hegazkiak askotan hegan egin ezinik gelditzen dira, eta arrainei ere igeri egitea oztopatzen die; baleek plastiko zatiak irensten dituzte, asetuta sentitzen dira, ez dira elikatzen eta hil egin daitezke. Bestetik, ondorio kimikoak daude. Oharkabean gertatzen da, baina plastikoek elementu kutsatzaileak dauzkate osagaien artean, eta hauek pixkanaka askatu egiten dira itsasoan eta kaltea eragiten dute. Azkenik, efektu biologikoa, askotan plastiko zatietan mikroorganismoak itsasten dira, patogenoak edota beste organismo inbaditzaile batzuk.

Aztin urte asko daramatzazue plastikoek itsasoan eragiten duten kaltea ikertzen.

Urte asko daramatzagu mikroplastikoak ikertzen, bai; batez ere, jakin nahi dugu non sortzen diren, nondik datozen, zer ibilbide egiten duten itsasoan eta nora iristen diren, non pilatzen diren. Hori guztia jakin beharra dago, gero neurriak hartzeko eta ondo kudeatzeko.

Horri lotuta, kostaldeko gune zehatz batzuk ari zarete ikertzen, horien artean, Itzurungo hondartza.

Ulysses programa deitzen da, eta helburua da jakitea non pilatzen den plastikoen kutsadura. Horretarako, itsasadar batzuk (Debakoa tartean) eta hamar hondartza ari gara monitorizatzen, bost Bizkaian eta beste bost Gipuzkoan, tartean Itzurungoa. Horretarako kamera batzuk dauzkagu, kuantifikatzeko flotatzen datorren plastiko guztia. Datuak biltzen ari gara, arazoaren tamaina ezagutu eta ondoren neurriak hartzeko.

Ulysses programak badu beste parte bat, sentsibilizazioarekin zerikusia duena, ezta?

Bai, batez ere haurrei zuzendua. Egurrezko itsasontzi txiki batzuk egin ditugu, eta haurrek egin behar dutenak da ontzi horiek margotu eta konpromiso bat idatzi; adibidez, “astebete pasako dut plastikorik erabili gabe”. Ontzi horiek ibaietan eta itsasoan askatuko ditugu, monitorizatzeko zer bide egiten duten eta non azaltzen diren (batzuk GPSa eramango dute). Kostaldera iristen direnean, aurkitzen duenak ikusiko du ontziak zenbaki bat duela eta web helbide bat. Web orrian sartu, zenbaki hori erregistratu, eta ontzia eraman beharko dute Decathlon denda batera, eta han ikusiko dute ontzi horrek balioren bat baduela…

Opari bat, alegia…

Bai, hori da.

Eta helduok zer egin dezakegu?

Lehenik eta behin, pentsatu behar dugu erabiltzen dugun plastiko guztia beharrezkoa ote den, erabilera bakarreko plastikoak beharrezkoak ote diren. Guk minutu bateko erabilera emango diogu, baina gero plastiko horrek urteak eta urteak iraun ditzake naturan. Pixkanaka degradatzen hasiko da, zati txikitan egingo da, mikroplastikoak sortuko dira eta gure osasunean ere eragina izan dezakete, elikaduraren bidez. Eta, bestetik, ondo kudeatu erabiltzen dugun plastikoa.

Hondartzara gatozenean, haserretu egiten gara algen artean gero eta plastiko zati gehiago ikusten ditugulako.

Bai, baina plastiko hori gurea da, geuk sortutakoa eta gure erruz iritsi da itsasora.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide