Diktadura garaiko bizipenak kontatzeko deia egin diete herritarrei

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 8a

Ezkerretik, Duñike Agirrezabalaga, Javier Buces, Marina Bidasoro, Iñaki Ostolaza eta Joxemi Antia. (Zumaiako Udala)

Lankidetza hitzarmena sinatu berri dute Zumaiako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak, 1959 eta 1978 artean zumaiarrek edo Zumaian jasandako giza eskubideen urraketak ikertzeko. Horri lotuta, udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek dei egin diete herritarrek haien testigantzak emateko.

Frankismoak Zumaian izan zuen eragina jasotzen duten lanketa desberdinak egin ditu Aranzadi zientzia elkarteak, Zumaiako Udalarekin sinatutako akordioei esker. Duela gutxi ikerketekin jarraitzeko hitzarmen berri bat sinatu dute udalak eta Aranzadik, kasu horretan, 1959. eta 1978. urteen artean herrian edo zumaiarrek jasandako giza eskubideen urraketak ikertzeko. 

Horri lotuta, Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdiek dei egin diete herritarrei haien bizipenak, testigantzak edota jasandako giza urraketak kontatzeko. Gaiak merezi duen garrantzia nabarmentzeko, elkarrekin agertu dira Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza, eta Marina Bidasoro (EH Bildu), Joxemi Antia (EAJ) eta Duñike Agirrezabalaga (PSE-EE) zinegotziak. Haiekin batera izan da Javier Buces Aranzadiko ikerlaria. 

Gogoratu dute testigantza horiek guztiak jasotzeko Memoriaren Bulegoa jarri dutela martxan udaletxean. Zerbitzu hori urriko asteartetan (urriak 14, 21 eta 28) egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Aipatutako orduetan ezin, baina beraien bizipenak partekatu nahi dituzten zumaiarrek 699 80 91 30 telefono zenbakira dei egin dezakete, edo memoria@aranzadi.eus posta elektronikoko helbidera idatzi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide