Donostia Kultura Poesia Saria irabazi du Sara Uribe-Etxeberria idazle zumaiarrak, Kuntzak eta kerak lanari esker, eta Balea Zuria argitaletxearen babesean, poema bilduma uda hasieran eman zuen argitara. Atzo, ETB1eko Artefaktua literatur saioan elkarrizketatu zuen Ilaski Serranok, eta egileak azaldu zuen kontrasteekin eta barne nahiz kanpo irudiekin jolasten saiatzen dela idazterakoan.
Donostiakoaz gain, idazle gazteak hainbat sari lortu ditu azken urteetan poesiaren arloan, hala nola R.M. Azkue eta Urruzuno sariketa entzutetsuak. Zumaia Guka aldizkariko ekaineko zenbakian elkarrizketa zabala egin zitzaion, eta, besteak beste, lehiaketak, euskal poesiagintza eta sorkuntza prozesua izan zituen hizpide.