Elkarlanean aritu dira azken asteotan Zumaienako eta Herri Eskolako guraso elkarteak, Gau beltza berreskuratu asmoz. Bihar iluntzean egingo dute ekitaldia, urriak 31, haur eta gazteei bertako kultura, ohiturak, hizkuntza eta historia azaltzeko, batetik; eta Euskal Herrira bizitzera etorri direnei bertakoa ezagutarazi, bizi eta maitatzeko aukera emateko, bestetik.
Idurre Izagirre Zumaienako guraso elkarteko kideak azaldu du nola hasi ziren biharko ekitaldia antolatzeko lanetan: "Bederatzi urteko alaba bat daukat, eta kutsu amerikarreko ospakizun bat egiten zuten orain arte. Iaz tokatu zitzaidan niri antolatzea, eta hemengo kontuak berreskuratu nituen: hemengo ohiturak gogoraraziz jolasekin-eta". Etxera bidean ikusitakoak harrituta, zerbait handiagoa antolatu behar zela pentsatu zuen Izagirrek.
Zumaienako Guraso Elkartera jo zuen orduan, helburu batekin: zerbait egiteko gogoz zen herriko jendea elkartu eta antolatzea. "Denena zerbait egin nahi genuen, Guraso Elkartera jo nuen nonbaitetik hasi beharra zegoelako", dio. Gainerako guraso elkarteengana jo zuten orduan. Oikian aurrez ere egiten zuten, eta berdin jarraituko dute. Udalarekin eta kultur eragileekin ere jarri ziren harremanetan, eta haien erantzunarekin "oso pozik" agertu da Izagirre: "Denen artean sortu dugu biharkoa".
Olentzeroren etorrera, esaterako, antolatzen dute guraso elkarteek elkarlanean, baina urtero txandaka. Biek batera jardungo duten lehen ekitaldia izango da Gau beltzarena. "Berreskuratzeko eta eraikitzeko zegoen, eta sentitzen nuen denen artean egin behar genuela", aitortu du Izagirrek. "Gogoa, ezjakintasuna eta beharra" sumatu zituen Izagirrek Gau beltza antolatzeko proposamena luzatzerakoan: "Indarra hartzen ari da azken urteotan, eta orain da momentua. Nik eta ingurukoek hala sentitu genuen, oraindik ere eraikitzeko dagoelako eta gurea berreskuratu behar dugulako".
Janzkeran jarriko dute arreta. Izagirreren arabera, ohituraren esentzia soinean daramatenarekin islatu nahiko lukete, eta horretarako, bi eskoletan landu dute nola jantzi. "Guztiak animatzen ditugu zomorrotzera, etxeko trapuak hartu eta ahalik eta aldrebesen janztera", animatu ditu herritarrak antolatzaileak. Denek aurpegia berdin margotuta eramatea ere nahiko lukete: "Lehen esaten zen aurpegia estaltzen zela hildakoak gure artean izaten zirelako eta gu haiekin ez eramateko. Kasu honetan, pintatu egingo ditugu". Bi ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleak arituko dira kalejira baino lehen aurpegiak margotzen, udaletxearen kanpoaldean.
Mari kalea atonduko dute gero, eta jarraian emango diote hasiera kalejirari Arritokieta kaletik. Izagirrek iragarritakoaren arabera, adar jotzaileak, antzerkia, bertsoak, gaztaina erreak nahiz musika izango dira ekitaldian. Gogoa edo kuriositatea daukan herritar oro gonbidatu du parte hartzera. "Nahi genuen herriak herriarentzako antolaturiko ekitaldi bat izatea, denon artean gozatzeko kontu bat izatea", dio Izagirrek. Ez da ikuskizun bat izango, guztien artean eraikiko duten ekitaldi bat baizik: "Kalejiran sartu, eta datorrena bizitzeko esperientzia bat izango da".
Gau beltza
- 18:30. Aurpegi margoketa, udaletxearen aurrean.
- 19:30. Arritokieta kaletik abiatuta, Alde Zaharrean barrena ibilbidea.