Intza Martin zumaiarrak jaso du aurtengo Donostiako Orfeoia-Musikene Saria. Musikeneko Pedagogia ikasleak, Euskal kantu tradizionalen presentzia Gipuzkoako Musika Hizkuntzako ikasgeletan. Proposamen didaktikoa izeneko gradu amaierako lanarengatik jaso du aurtengoarekin hamargarren aldia bete duen saria. Sari banaketa ekitaldia pasa den astearte arratsaldean egin zuten, Donostiako Orfeoiaren egoitzan.
Zumaiako musika eskolan hasi zen tronpeta ikasten, 9 urte zituela, eta 11rekin pianoa ikasten hasi zen, Zumaian bertan, Josefina Azpeitia akademian. Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan jarraitu zuen ikasketekin. Tronpeta ikasketak egin zituen han. Aurtengo ekainean, berriz, pedagogia graduko ikasketak bukatu ditu Musikenen.
Azpeitiko Juan de Antxieta musika eskolan hasi da lanean, musika tailer eta musika hizkuntzako eskolak ematen, eta bitartean kultur kudeaketako masterra ikasten hasi da.