Orduko familia askotan bezala, Rubio Aprea senitartean ere ez zen faltako argazki kamerarik, konpaktu txikiren bat bazen ere. Makina hark, ordea, ez zuen Arnaitz Rubioren (Zumaia, 1992) atentzioa erakarri. Argazkigintza munduan izandako hastapenez galdetuta, erromantizismo kutsu guztiak alde batera utzi ditu; pragmatismoak eraman zuen arte edo ofizio horretara. "DBHko 2. edo 3. mailan arituko nintzen. Etorkizunean zer izan nahiko nukeen pentsatzeko garaia zen, eta garbi nuen argazkigintzaren munduan lan egin nahiko nukeela", dio.
Gezurra badirudi ere, bere bizitza argazkigintzara zuzentzeko burutazioa izan aurretik inoiz ez zuela argazkirik atera dio. Familian bazuen, ordea, aurrekari bat, akaso, bide horretara eraman zuena. Bere lehengusu bat, David Aprea, El Diario Vasco egunkariko argazkilaria zen. "Nik baino hamar bat urte gehiago ditu, eta ordurako prentsan ari zen lanean. Hura zertan ari zen ikusita, zerbaitek klik egin zidan buruan; ikusi nuen eguneroko ogia atera zitekeela lan horretatik", dio.
Oraindik nerabe zela, "17 urteko ume moko bat " zela, bertaratu zen Baleike-ren [Gaur egun Zumaia Guka] bulegora, bere burua argazkilari bezala eskaintzera. Ondo gogoan du zein izan zen jasotako lehen enkargua: Erkibe etxea gaztetxe bihurtzeko okupazioa irudietan jasotzea. "Ordurako kamera txiki bat nuen, Nikon bat, eta horrela hasi nintzen ofizioan murgiltzen", dio.
Dirua ateratzeko beste lan edo enkargu batzuk onartu behar izan baditu ere, izan ezkontzak edo argazki txokoak, bere pasioa fotokazetaritza dela adierazi du; hari lotuta garatu du orain arteko ibilbidea. "Asko gustatzen zait lanbidea, baita nire egunerokoa harengatik moldatu beharra ere: goizean politikari bati argazkiak atera, gero prentsaurreko batera joan, Realaren partida bat jarraitu segidan edo arraun estropadak landu. Kalean egon, nire erara lan egin eta enkarguak bete; garbi nuen horixe zela nire bidea".
Kazetaritzako argazkigintzan aritzeko "azkarra, zirt edo zartekoa" izan behar dela uste du Rubiok. "Gauza bati denbora asko ez eskaintzen ikasi behar duzu". Argazkilariak momentu bakoitzera egokitu behar duela iritzi dio. "Gauza asko aurrez planifikatuta daude, liburu aurkezpen bat kasurako, baina, beste batzuetan, adi egon behar duzu, lekua hartu eta behar denean ukondoa sartu ere bai zure lana egiteko".
Gipuzkoako fotokazetarien artean giro oso ona dutela dio Rubiok, elkar ikusi ezin duten hedabideetakoak izanda ere. "Hori goraipatu izan digute Madrildik edo beste leku batzuetatik etorritako argazkilariek: hedabideen artean egon daitezkeen talkak ez direla ikusten argazkilarien artean. Beti dago kafe bat elkarrekin hartzeko denbora". Noski, lan batzuen inguruan isilik egon behar izaten dute, baina behar denean elkarri laguntzen diotela ere nabarmendu du Rubiok. "Istripuak direnean, adibidez, elkarri deitzen diogu gertaera non izan den jakiteko".
Gertaeren biharamuna
Istripuak aipatu dituenez, "desgraziaz" gertaera horietako batzuk irudietan jaso behar izan dituela gogoratu du Rubiok. "Hala ere, gauzak asko aldatu dira. Beste hedabide batzuetako argazkilariek esan didatenez, lehen, hilketa edo istripu bat zenean, poliziak berak altxatzen zuen izara eta argazkiak ateratzera gonbidatzen zituen argazkilariak", aitortu du. Irudi gordin horiek lehen pertsonan ikusteak psikologikoki eraginik ba ote duen galdetuta, "erlatibizatzen ikasi" duela dio: "Zure lana egiten ari zara, baina horrek ez du esan nahi ez dizunik barrena mugiarazten". Zentzu horretan, gertutik bizitzea tokatu zaion gertaerarik gordinena 2024ko Orioko hilketa matxista izan zela dio. "Orion nengoen, Karkara-rako [Orio Guka gaur egun] argazkiak ateratzen, eta bat-batean ertzainak eta anbulantziak entzun nituen. Zerbait gertatu zela ohartu nintzen, eta gerturatzean guztia bertatik bertara ikusi nuen". Adrenalina bete-betean zuela, bere lana egin zuela azaldu du: "Baina gogoan dut ondorengo hiru edo lau egun izorratuta egon nintzela".
Ateratako argazkiengatik inoiz ez da damutu: "Ez naiz marrazo bat. Informazio aldetik, badakizu zerk balio duen eta zerk ez, zer argitaratuko dizuten eta zer ez. Etikoki ere badakizu noraino hel zaitezkeen". Bere lana informatzea dela uste du Rubiok. "Argazki batekin dena ulergarri egitea eta testuaren lagungarri izatea da gure lana. Hortik aurrera, beste guztia morbo merkea da", dio zorrotz.
Sare sozialen garaian, gero eta hedabide gehiagok erabiltzen dituzte haietan zintzilikatutako irudiak. Bestalde, erakunde, instituzio edo enpresa askok beren argazkilariak izaten dituzte, irudi horiek gero hedabidetara bidaltzeko. Testuinguru horretan, fotokazetarientzako lekurik edo beharrik ba ote dagoen galdetuta, baiezkoa da erantzuna. "Ona bazara, zure lana baloratuko dute. Gurea ez da mundu erraza, baina saiatua bazara eta mugitzen baldin badakizu, egon behar den lekuan bazaude eta jendeak ezagutzen bazaitu, nik uste dut aukera badagoela". Lankideek esan izan diote ofizioa ez hartzeko esprinteko lasterketa bat bezala, gehiago dela maratoi bat. "Ofizioa gustatu egin behar zaizu eta egiten duzunak bete egin behar zaitu".
Rubiok freelance bezala egiten du lan, autonomoa da, eta gaur egun hiru bezero indartsu ditu: Guka, Noticias de Gipuzkoa eta Europa Press. "Horiez gain, bezero eta lan gehiago lortzen saiatzen naiz. Lehen gehiago estutzen nintzen, baina hilaren bukaera heltzean ikusten duzu zerbait egin duzula", esan du. Etorkizunean hedabide bateko lantaldean sartzea baztertzen ez badu ere, gustura dago freelance izanda. "Ez dago gaizki, askatasuna ematen dizu eta. Askatasuna izatea asko baloratzen dut", amaitu du.
Arnaitz Rubio Aprea
• Adina: 33 urte.
• Ikasketak: Argazkigintza ikasi nuen Donostian eta Andoainen.
• Lanbidea: Fotokazetaria.
• Fotokazetaria ez banintz… kalean edo animaliekin egingo nuke zerbait. Tabernetan lan egin dut, eta erreta bukatu nuen.
• Lanetik ateratzean gogoko dut… Garagardo pare bat hartzea lagunekin eta barre egitea, golfean jokatzea... Paseatzea gustatzen zaidanik ez dut esango, gezurra litzateke eta!