Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaurkoa, azaroaren 25a. Egun horren harira ekitaldi ugari egin dituzte Zumaian, eragile desberdinek antolatuta. Hitzaldiak, tailerrak, film emanaldia edota solasaldiak, esaterako.
Protestarako eta aldarrikapenak ozen partekatzeko uneak ere izango dira. Hala, bihar arratsaldean, manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar. 19:00etan aterako da taldea Eusebio Gurrutxaga plazatik. Zumaiako Mugimendu Feministak deitu du martxa, Euskal Herriko Mugimendu Feministak adostutako leloarekin: Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista.
Antzerki saioak, bihar eta etzi
Azaroaren 25arekin lotutako bi antzezlan ere taularatuko dituzte bihar eta etzi artean Zumaian. Batetik, Zumaiako Herri Eskolako DBH1eko ikasleek Harriaren mintzoa izeneko antzezlana aurkeztuko dute bihar Aita Mari aretoan. Hiru saio izango dira egunean zehar: 09:30ean, 11:30ean eta 17:00etan.
Bihar, berriz, Las poderosas antzezlana ikusteko aukera izango da Emakumeon Etxean. Indarkeria matxista pairatu duten Guatemalako emakumeek sortutako Las Poderosas antzerki konpainiak aurkeztuko du aipatu antzezlana.