Lucia Lacarra dantzariaren jarraitzaileak beste herrietara joatera ohituta daude dagoeneko. Dantzariaren hitzordu bat iragartzen denean, hara joateko antolatutako autobusa betetzen dute. Oraingoan, baina, ez dute urrunera joan beharrik izango, herrian bertan izango baita Lacarra dantzan, 2021ean estreinatutako Fordlandia ikuskizunarekin. Emanaldia Zumaiena ikastolako aretoan izango da, datorren larunbatean, hilaren 29an, 20:00etatik aurrera.
Emanaldirako sarrerak azaroaren 3an jarri zituzten salgai, lehen egunean, astelehenean, ikastolako idazkaritzan, eta asteartetik aurrera ikastetxean zein Turismo Bulegoan. Sarrerak lehen astean bertan ahitu zirela adierazi du Zumaienako kideek. Bigarren emanaldi bat muntatzeko ideiak izan baziren ere, azkenean bakarra izango dela jakinarazi dute, datorren larunbatekoa, alegia.