Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciagari lurren emakida egiteko prest agertu da Jaurlaritza, ontzigintzarako eta ontzi konponketarako bada

Juan Luis Romatet 2025eko abenduaren 14a

Astilleros Balenciagako lantegia, gaur goizean Moilaberritik. (Juan Luis Romatet)

Portuko instalazioetan jarduera ekonomikoarekin jarraitzeko eskaera egin zuen Astilleros Balenciaga enpresak Eusko Jaurlaritzari azaroan 19an. Emakida egiteko prest agertu da Jaurlaritza, beti ere baldintza batzuekin: ontziak egiteko edo konpontzeko bada. Proposamena onartuz gero, enpresak berme bat jarri beharko du eta urtero kanon bat ordaindu. 

Azaroaren 19an aurkeztu zuen Astillero Balenciaga enpresak portuko instalazioetan haren jarduera ekonomikoarekin jarraitu ahal izatekoo eskaera. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza saila prest agertu da emakida egiteko, baina baldintza batzuekin. Hala, enpresak emakida hori "ontzigintza eta ontzien konponketa jarduerak" garatzeko erabiliko du. Horren berri eman du Jaurlaritzako sailak ohar bidez. 

Balenciagak bere jarduera ekonomikoarekin jarraitzeko borondatea erakutsi du Jaurlaritzako egindako proposamenean, sailak dioen bezala, "estrategikoki kokatutako portu instalazioetan. Aurreikusitako emakidak "gutxi gorabehera 22.400 metro koadroko azalera" hartzen duela dio Jaurlaritzak oharrean, eta bertan kokatzen direla "110 metroko luzera arteko ontzi metalikoak eraikitzeko beharrezko azpiegiturak".

Zumaiako ontziolak egindako proposamenari erantzun dio orain Amaia Barredo buru duen sailak. Enpresari igorritako erantzunean baldintzak ezartzen ditu Jaurlaritzak. "Emakida hori ontzigintza eta ontzien konponketa jarduerak garatzeko erabiliko da. Enpresak onartu beharko duen emakida proposamen horrek beharrezko baldintza teknikoak, ekonomikoak eta administratiboak jasotzen ditu", dio oharrak. 

Jaurlaritzak emandako erantzunaren arabera, emakidaren hasierako epea hamar urtekoa izango da eta gehienez 50 urtera luzatu ahal izango da. Gaineratu du, enpresak 190.000 euroko ustiapen berme bat aurkeztu beharko duela, eta urtero 361.887,73 euroko kanon bat ordaindu. Azpimarratu du emakidadunak, Balenciagak, kasu honetan, "jabari publikoa soilik baimendutako erabileretara bideratu beharko du, eta instalazioen mantentzea, kontserbazioa eta segurtasuna bermatu, bai eta aplikagarri diren portu, ingurumen, udal eta zerga-arau guztiak bete ere". Enpresak hamar eguneko epea du orain emakida onartzeko edo helegiteak aurkezteko.

Amaia Barredo sailburuaren hitzetan, Balenciaga "gure historia industrialaren eta itsas proiekzioaren parte" da, eta Jaurlaritzak egindako emakidaren proposamenarekin "haren jarraipena, modernizazioa eta lehiakortasuna bermatzen" ditu. Aldi Berean, Barredoren esanetan, "portu-ingurunearen errespetua eta ingurumen eta segurtasunestandarrak betetzen direla" ziurtatzen du. 

Amaierarik ez duen lan gatazka

Denboran luzatzen ari den lan gatazka da Astilleros Balenciagakoa. Azken asteotan, Arabiar Emirerri Batuetako talde bat 11,2 milioi euro ordaintzeko prest agertu da Zumaiako ontziola berriro ere martxan jartzeko. Hitzarmena sinatuta, beste bi baldintza bete behar dira salerosketa gauzatu ahal izateko: batetik, langileek onartu behar dute proposamena, eta bestetik, Jaurlaritzak bere lurrak inbertsio taldearen esku utzi beharko ditu.

Proposamen horren aurrean bere kezka adierazi zuten Zumaiako alkateak, baita enpresako langileek beraiek ere. Abenduaren hasieran langile batzordea bildu zen, eta inbertitzaileek egindako proposamenaren aurka agertu ziren. Pasa den ostegunean bertan, prentsaurreko bat eskaini zuten enpresa aurrean, eta narmendu zuten langileek egindako proposamenak ez duela inbertitzaileen erantzunik jaso.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide