Faxismoaren eta estatu autoritarismoaren aurka! lemapean manifestazio bana egingo ditu Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilaren 31n, Bilbon (Bizkaia) zein Iruñean (Nafarroan). Bizkaiko hiriburura joateko autobusa ere antolatu dute Urola Kosta eskualdetik.
Jendetsuak izatea aurreikusten duten martxa horien bueltan, ekintza desberdinak antolatu dituzte hainbat herritan. Hala, pasa den larunbatean Zumaiari egokitu zitzaion kirol ekitaldi bana antolatzea. Goizean, boxeo entrenamendu irekia egin zuten Etxape zentro sozialistan, eta arratsaldean, kirol horren erakustaldia egin zuten Torreberriko aterpean. Borrokaldi laburrak egin zituzten, bertaratutakoen aurrean.