Erretratua

Iñigo Egiguren: "Matxurarik ez bada, mantentze lanetan igaro ohi dugu eguna"

Ekaitz Etxabe 2026ko urtarrilaren 18a

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La Veceria.

Zumaiako Egurko kooperatiban hasi zen lanean Iñigo Egiguren (Zumaia, 1967). Hura itxi ostean, igogailuen mantentze lanetan hasi zen Orona enpresan. Hamalau urte daramatza horretan, eta lana gustuko duen arren, erretiroa hartzeko "gogoz" dagoela aitortu du.

Azaroko Zumaia Guka aldizkariko Erretratua ataleko erreportajea da honakoa.

Igogailuen mantentze lanetan aritzen da Iñigo Egiguren, baina aurretik elektrikari jardundakoa da. Horretarako ikasketak egin zituen, eta ikasketak amaitu ostean, Zumaiako Egurko kooperatiban hasi zen lanean. Hura itxi ondoren, Orona igogailuen enpresatik jaso zuen lanerako eskaintza. "Egurko itxi ondoren, kooperatibetako langileen artean birkokatzeak egon ziren, eta niri Oronatik deitu zidaten. Han hasi nintzen, eta handik denbora batera bazkide egin ninduten", zehaztu du. Duela hamalau urte hasi zen igogailuen mantentze lanetan. 

"Egunean dagoenaren arabera egiten dugu lan", erantzun du bere lanegun bat nolakoa den galdetuta. Azaldu duenez, bi lan mota egin ohi dituzte: igogailuen mantentze lanak eta matxuren konponketa. "Mantentze lanak egunero egiten ditugu, igogailu guztiak hilean behin ikuskatzen baititugu, dena ondo dagoela egiaztatzeko. Konponketei dagokienez, berriz, igogailu bat izorratzen denean abisua eman ohi digute, eta konpontzera joan behar izaten dugu. Matxurarik ez badago, mantentze lanak egiten igaro ohi dugu eguna", gaineratu du.

Oronako lehen egunak "atzo izan balira bezala" gogoratzen ditu Egigurenek. Hasierako egunetan zailena, lanean bakarrik jardutea egin zitzaion: "Ni ordura arte leku batean lan egitera ohituta nengoen, eta lankidez inguratuta, gainera. Lana bakarrik egitera ohitzea izan zen zailena edo gehien kostatu zitzaidana. Niretzat berria zen hori; lanean bakarrik aritzea aldaketa handia izan zen niretzat". Lanbide Heziketan elektrikari izateko ziklo bat egin zuen, eta titulu horrek baimentzen zion igogailuen mantentze lanetan aritzea. 

Nabarmendu du bakarrik lan egite horretatik datorela bere lanaren arriskurik handiena. "Telefonoaren bestaldean norbait egon badaiteke ere, bakarrik egoten gara". Gero, ofizio guztietan bezala, berean ere arriskuak badaudela azpimarratu du, eta neurri batzuk hartzea beharrezkoa izaten dutela gauzak ondo egiteko. Esaterako, igogailura sartzerakoan, martxan ez dela jarriko kontrolatu behar izaten du, eta "horretarako mekanismo jakin batzuk daude".

Paperetik mugikorrera

Bizitzako gainontzeko arlo guztietan bezala, Egigurenen ofizioan ere teknologia berriek "ikaragarrizko" eragina izan dute. Duela urte batzuk, koaderno bateko orriak bailiran gorde behar izaten zituen Egigurenek igogailuen parte eta jakinarazpen guztiak. Gaur egun, ordea, lan hori eskuko telefonoaren bidez egiten dute. Hala ere, bere ustez, orain artekoa baino jauzi "handiagoa" emango da etorkizunean, aldaketa hori "abiadura ikaragarrian" baitator, eta enpresa handiak "gauazak horretara bideratzen" ari baitira. 

Bakarrik lan egitera ohitzea kostatu egin bazitzaion ere, denborarekin hortxe topatu du Egigurenek bere ofiziotik gehien gustatzen zaion gauza. "Azkenean, bakarrik ibiltze horrekin, zeuk antolatzen duzu zure eguna. Zu joaten zara asteko eginbeharrak antolatzen, eta nolabaiteko autonomia batekin jokatzen duzu; hori asko gustatzen zait", zehaztu du.

Urte hauetan guztietan, igogailu askotatik igaro da, baina bere ibilbideko onena ez dira makinak izan, pertsonak baizik. "Urte hauetan oso jende ona ezagutu dut, eta primeran tratatu naute", adierazi du. Urteetako esperientziak erakutsi dio gauza sinpleenek dutela balio handiena, eta berekin lan egin duten pertsonez oroitu da: "Jende askorekin lan egitea ederra izan da, asko balio baituten pertsonak ezagutu baititut".

Lanean ari zen bitartean ustekabe bat baino gehiagorekin topo egin du zumairrak. Izan ere, haren esanetan, hainbatetan ez dira izaten gizakiak laguntza behar izaten dutenak. "Behin, zaintza batean nengoela, Donostiatik deitu zidaten, txakur bat igogailuan ez gora eta ez behera geratu zela esanez", hasi da kontatzen. "Urtezahar eguna zen, eta iritsi nintzenean txakurraren jabea lur jota zegoen, guztiek pentsatzen baitzuten txakurra hilda egongo zela. Zorionez, igogailua ireki genuenean txakurra bizirik zegoela ohartu ginen". Guztientzat "ederra" izan zela aitortu du irribarre batez.

Igogailuen arloan, duela urte batzuekin konparatuta lana "desberdin" egiten dela nabarmendu du. "Lehen lan egiteko guneak oso ondo definituta zeuden; egunean igogailu kopuru zehatz bat ikuskatu behar izaten genuen". Orain, ordea, lan gehiago egiten dutela dio. "Lehikarroak izan behar gara, eta gutxiagorekin gehiago egiten saiatu". Sakelakoaren eraginez ere aldatu zaie lana egiteko edo lana antolatzeko modua. "Telefonoan datu guztiak edukitze horrek balio dizu jakiteko egun bakoitzean zenbat lan duzun egiteko. Goizean jaikitzen zarenerako badakizu zer lan eta non egin behar duzun", azaldu du.

Erretiroa hartzeko gogoz

Enpresari etorkizun "oso ona" ikusten dio Egigurenek. "Plan sendoak ditu enpresak etorkizunera begira, eta ez dirudi joera hori asko aldatuko denik", adierazi du. Bere etorkizunari dagokionez, berriz, lana egiteari uzteko "gogoz" dago. Lan ibilbidearen helmuga begien aurrean ikusten du. "Lau urte geratzen zaizkit gehienez ere. 37 urte baino gehiago kotizatu ditut, eta behin hainbeste eginda, beste lau ere egingo ditut", nabarmendu du, irribarrez.

Erretiroa hartzean izango duen denbora librea aprobetxatzeko baditu zaletasunak. Batetik, eskalatzea gustatzen zaio. "Orain arte eskalatzera joatea gustatzen zitzaidan, baina azkenaldian sokalagunak huts egiten dit, beraz, rokodromoan ibili ohi naiz, bakarrik", azaldu du. Bestetik, haitzetara olagarroak harrapatzera joatea ere gustuko du, baina gaur egun hemen olagarrorik ez dagoela azpimarratu du. Mendira joatea eta arrauna dira Egigurenen beste bi afizio. "Garai batean arraunean ibili nintzen, eta entrenatzaile ere bai. Oronan lanean hasi nintzenean, ordea, utzi egin behar izan nion, ordutegiak zirela-eta ez baitziren bateragarriak. Ez nintzateke horretara bueltatuko, baina gustatzen zait, eta zaletasuna badaukat", esan du.

Bere ofizio berean hastera doazen gazteentzat ere izan du zer esana: «Ez da batere lan txarra. Guztiok desberdinak gara eta norberari gustatu behar izaten zaio".

Iñigo Egiguren

Adina: 58 urte.
Ikasketak: Elektrizitateko goi mailako zikloa.
Lanbidea: igogailuen mantentze lanetan teknikaria.
Igogailuen mantentze lanetan arituko ez banintz… ziurrenik mekanikaria izango nintzateke, gure garaian aukerak murritzak izaten zirenez, mekanikaria edo elektrikaria izatearen artean aukera egin behar izan bainuen.
Lanetik ateratzean gogoko dut… eskalatzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide