Gaurko atseden egunaren ostean, bihar emango diete amaiera San Sebastian jaiei Elorriaga auzoan. Ostiralean jokatutako mus txapelketaren ondoren, larunbatean eta igandean sabela betetzeko aukera bat baino gehiago izan zuten auzora bertaratu zirenek.
Mus txapelketa jokatu zuten ostiralean auzoko Lau-Haizeta elkartean. Zapatuan, berriz, Urberu sagardotegian jarraitu zuten ospakizunek. Afaria egin zuten bertan eta 150 bat lagun bertaratu ziren afaltzera. Haren amaieran erromeria izan zen, Imuntzo eta Belokik girotuta.
Sagardo dastaketarekin hasi zuten atzoko eguna. Eguraldia lagun Zubeltzu-Zahar, Zubeltzu-Torre, Andresene eta Flysch etxeetako sagardoa dastatzeko parada izan zen, Garixe, Maltzeta eta Txinoren trikiti doinuek alaituta.
Haren amaieran, bertso bazkaria egin zuten festetarako espresuki jarritako karpan. 90 lagun inguruk egin zuten bat ekitaldiarekin, eta haren amaieran bertso saioa izan zen Jon Maia, Iker Zubeldia eta Iñigo Olabe rekin. Ondoren trikitilariek erromeri giro ederra jarri zuten, eta denek ere egun ederra pasatu zuten.
Herri kirolak eta bazkaria
San Sebastian eguna izango da bihar, eta harekin amaituko dituzte aurtengo jaiak auzoan. Goizeko 11:00etan, meza izango dute, Itziarko abesbatzak girotuta. Haren amaieran, 12:00etan, herri kirol erakustaldia izango da Hodei Ezpeleta, Alex Txikon, Beltza eta Bihurriren eskutik.
Bihar ere ez da bazkaririk faltako auzoan. Berriro ere, Urberu sagardotegian elkartuko dira, eta larunbatean egin bezala, erromeriarekin jarraituko dute. Kasu honetan, Elaiak eta Jarek jarriko dute musika. 18:00etan, berriz, jaiei amaiera emango diete, eta txokolate beroa hartzeko aukera ere izango da.