Iazko udan egin bezala, zesta puntako jaialdia antolatu dute Azpeitian, San Sebastian jaiekin batera. Bi partidaz osatuko da gaurko desafioa, eta emakumezkoen eta gizonezkoen norgehiagoka bana jokatuko dute. 18:00etan hasiko da jaialdia, Izarraitz frontoian, eta sarrerak aurrez salgai egongo dira www.eramanjaialai.com webgunean.
Azpeitian kantxaratuko diren zortzi puntisten artean bi zumaiar izango dira, Frida Watkins eta Imanol Lopez. Watkinsek Helena Barrenetxea durangarrarekin osatuko du bikotea, eta Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal izango dituzte aurkari. Lopezek, bere aldetik, Aritz Urreistirekin jokatuko du. Gaurko aurkariak Johan eta Gorka Sorozabal lapurtarrak izango dituzte aurkari.
Galtzaileak Gernikan
Azpeitian arituko diren gizonezko lau puntistak atzo Gernikan neurtu ziren, Winter Series txapelketako ligaxkako jardunaldian. Aurreko jardunaldian gertatu bezala, atzokoan ere haserre amaitu zuten gipuzkoarrek, berdinketa hausteko azken tantoa ontzat eman ziotelako epaileek lapurtarrei, denen ustetan kontrakantxara joan zenean. Hala, atzoko partida 15-11, 11-15, 4-5 emaitzarekin irabazi zuten Sorozabal anaiek.
Ligaxkako hiru jardunaldi jokatuta, bi punturekin dira Urreisti eta Lopez, sailkapeneko laugarren postuan. Hala ere, oraindik ere aukerak dituzte finalera sailkatzeko.