Gaur goizean eman diote hasiera Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak antolatutako Neguko azokari. Bertan, bihar iluntzera arte, 26 saltokik aterako dituzte beraien produktuak kalera, bezeroak erakartzeko asmoz. Goizez eta arratsaldez izango da azoka martxan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
Bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte azokaren barruan. Hala, gaur arratsaldean, 17:00etan hasita, Julen Magoaren Xinestezina ikuskizuna izango da Erribera kalean. Larunbatean, berriz, egun osoko egitaraua antolatu du Gertu elkarteak. 11:00etatik aurrera haurrentzako talo tailerra eskainiko dute Amaiako plazan, eta eguerdian Nagore eta Ander trikitilariak arduratuko dira neguko azoka musikaz alaitzeaz. Arratsaldean puzgarriak jarriko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazan, eta Argizko unikornioen kalejira egingo dute 18:00etan.