Estaños Matiena enpresan beste lan istripu bat izan dela jakinarazi du LAB sindikatuak

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 12a

Estaños Matiena enpresako sarrera. (LAB sindikatua)

Goizean izan da gertaera. Langile bati pieza bat erori zaio burura, eta puntuak jarri dizkiote. Enpresa berean behargin bat hil zen duelako bi aste. 

Zumaiako Joxe Mari Korta industrigunean dagoen Estaños Matiena enpresan beste lan istripu bat izan dela salatu du LAB sindikatuak. Gertaera gaur goizean izan da. Sindikatuaren arabera, langile bati pieza bat erori zaio burura, eta larrialdietara eramanda, bospasei puntu jarri dizkiote. 

Aipatu enpresan, justu orain bi aste, lan heriotz bat izan zen. Orduan, pieza handi batek behargina kolpatu zuen, eta hil egin zen langilea. Lan heriotz hura salatzeko elkarretaratzeak egin zituzten hurrengo astelehenean, enpresa aurrean lehendabizi, eta Zumaiako Saregile plazan arratsaldean. Pasa den abuztuan ere beste lan istripu larri bat izan zen Estaños Matiena enpresan. Orduan, deskarga elektriko bortitz bat jaso zuen behargin batek. 

LAB sindikatuak salatu duenez, behin eta berriz eskatu diote Osalani eta Lan Ikuskaritzari enpresa horri ikerketa bat zabaltzeko. "Lan prozedurak aldatu behar dira, eta makinak ere dauden egoeran daude. Eta horren guztiaren arduradun zuzena enpresa bera da", azpimarratu dio Gukari Andoni Murga, LABen Urola Kostako ordezkariak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide