Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak euskal ohiturak, natura eta euskara uztartu zituen asteazkenean Oxford aretoan eman zuen hitzaldian. Larraina euskara elkarteak beste urte batez antolatu duen Euskara, bestela ez gara zikloaren lehenengo solasaldia izan zen Errekondorena.
Naturak euskal ohituran, ospakizunetan nahiz tradizioan duen garrantziaren inguruan hitz egin zuen Jakoba Errekondok, eta paleolitoraino egin zuen atzera, naturaren eta tradizioen arteko harremanari atzekoz aurrerako errepasoa egiteko. Esan zuenez, garai batean natura gurtzen zuen euskal gizarteak, eta beraz, naturako elementuek ekarpen nabarmena egin dute hizkuntzaren eraikuntzan, eta bestalde, azpimarratu zuen komunitate baten ezaugarri garrantzitsuena ezagutu daitekeela paisaia nola lantzen duen aztertuta.
Otsailaren 25ekoa izango da Euskara, bestela ez gara zikloaren baitako bigarren hitzaldia. Egun horretan, ezohiko gai bat ekarriko du Nerea Iglesiasek: irrintzia. Antzezlea eta musikaria izateaz gain, Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kultur arduraduna izan da Iglesias, eta euskarazko kultur ekimenen inguruan jardungo du Marixi Sesma musikariak gidatuko duen hitzaldian. AIAIAI: irrintzia eta komunitatearen garapen artistikoa euskaraz izenburua izango du saioak.
Garikoitz Goikoetxeak eskainiko du azkenengo hitzaldia, martxoaren 11n. Iñaki Iurrebasorekin idatzi berri duen Esnatu ala hil liburuaren bueltan hitz egingo du euskara teknikariak, eta euskarak gaur egun bizi duen egoera azaltzeaz gain, etorkizunerako gakoak aletuko ditu.
Iaz bezala, Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak geldialdia egingo du Zumaian. Martxoaren 18an zazpi film labur eskainiko dituzte Aita Mari aretoan, 19:00etan, eta emanaldi horrek itxiko du euskararen inguruan hausnartzea helburu zuen zikloa.