Udalak Sarrigurengo hilketa matxista salatu du eta arratsaldeko protestara deitu ditu herritarrak

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 23a

Hilketa matxista salatzeko elkarretaratze baten artxiboko irudia. (Maria Maya Manterola)

 Zumaiako Mugimendu Feministak gaur 18:30erako deitutako elkarretaratzearekin bat egiten duela adierazi du udalak, eta protestan parte hartzeko deia egin die herritar guztiei.

Zumaiako Udalak gogor salatu du Sarrigurengo (Nafarroa) hilketa matxista, eta Mugimendu Feministak gaur 18:30ean Saregile plazan deitutako elkarretaratzearekin bat egin du. Euskal Herrian urte honetan erregistratu den lehenengo hilketa matxistaren kontrako protestara batzeko deia egin die herritar guztiei.

Gizon batek 28 urteko emakume bat hil zuen ostiral iluntzean Sarrigurenen. Gizonak labanaz erasotu zuen bikotea, eta larrialdi zerbitzuak erasoa gertatu zen etxebizitzara joan baziren ere, ezin izan zuten emakumea suspertu. Gainera, gizonak larri zauritu zuen hildako emakumearen ama.

Udalak elkartasuna adierazi die hildakoaren familiari eta gertukoei, eta adierazi du ez duela horrelako giza eskubideen urraketarik onartuko, "ez Zumaian eta ezta beste inon ere".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide