Martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko bilera irekia deitu dute sindikatuek biharko

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 24a

Alondegia kultur etxea.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko greba eguna deitu du martxoaren 17rako, eta mobilizazioa antolatzeko batzar irekia egingo dute Zumaian bihar arratsaldean. Zumaiako Kontseilu Sozialistak, halaber, greba antolatzeko lehenengo batzarra deitu du ostegunerako.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorra antolatzeko bigarren batzar irekia deitu dute biharko, asteazkena, 18:30ean, Alondegiko Moila gelan. ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako mobilizazioak 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea izango du helburu, besteak beste.

Sindikatuen arabera, patronalak uko egiten dio gutxieneko soldata propioa negoziatzeari, eta instituzioek ez dituzte aintzat hartu eragile sindikalek nahiz sozialek egindako eskaerak. "Nafarroako Parlamentuak ez du tramitera ere onartu gutxieneko soldata hemen finkatzeko Herri Ekimen Legegilea. EAEn EAJk eta PSEk bizkarra eman diote 140.000 pertsonek babestutako Herri Ekimen Legegileari, lehenago 150.000 sinadurekin gutxieneko pentsioa osatzeko aurkeztutakoarekin egin bezala", zehaztu zuten greba deialdia egiterakoan.

Hori dela eta, greba orokorra deitu dute martxoaren 17rako, batetik, Confebask eta CEN patronalak negoziatzera eser daitezen presio egiteko, eta bestetik, instituzioei exijitzeko gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzeko behar diren ekimen politikoak gauza ditzatela. Funtsean, soldatak hobetzea eta aberastasunaren banaketa justuago baterantz bidea egitea lortu nahi dute greba orokorrarekin.

Sozialistak ostegunean

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere martxoaren 17ko greba orokorra antolatzeko batzarrak deitu ditu herriz herri. Ostegunean izango da Zumaiakoa, 19:00etan, Etxape zentro sozialistan. Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase borroka hedatu lelopean egin dute deialdia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide