Datorren larunbatean hasiko dituzte santelmoetako haur danborradako entseguak

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 25a

Santelmoetako haur danborrada, iaz. (Julene Sorarrain)

Karrozan eta oinez otarrekin edo arraunekin joan nahiko duten haurrek ere larunbatean eman beharko dute izena, Sagarbiden.

Pixkanaka ari dira hurreratzen San Telmo jaiak. Hilabete eta erdi barru jantziko dira herritarrak urdinez, eta herriko kaleak festa giroaz blaituko dira. Jaiek iraungo duten egunetan izango diren ekitaldiak prestatze lanetan hasiak dira dagoeneko. Hala, etzi hasiko dituzte helduen danborradako entseguak, eta egun bat geroago haurrena. Haur danborrada apirilaren 12an aterako da herriko kaleetara, eguerdi partean.

Lakatz kultur elkarteak antolatuko du aurten ere haurren danborrada. Ohar bidez azaldu duenez, entseguak datorren larunbatean hasiko dira, otsailaren 28an. 16:00etatik 17:30era bitartean hasiko dira danborrak astintzen Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko gimnasioan. Entsegu saioak larunbatetan izango dira.

Danborradan arituko diren haur txikienak 2019. urtean jaiotakoak izango dira. Derrigorrezkoa izango da danborradan parte hartzeko baimena apirilaren 8rako eramatea. 

Karrozan eta oinez

Danborrak jotzen bakarrik ez, haurrek karrozara igota edo oinez joanda parte hartu dezakete danborradan. Karrozari dagokionez, 2022an jaiotako haurrek izango dute karrozan joateko aukera. Oinez, berriz, otarreak eta arraunak eskutan dituztela egin dezakete bidea, eta hor 2020 eta 2021 urteetan jaiotakoak joango dira. Bien kasuan ere, aurrez izena eman beharko da larunbatetan, entsegu orduetan, Sagarbiden.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide