Joxe Mari Aizpurua: "Elektrizistentzat lan faltarik ez da izango"

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 1a

(Ainhoa Caporossi | La veceria)

40 urtetik gora daramatza Joxe Mari Aizpuruak elektrizista lanetan, nahiz eta bere lehen asmoa arotza izatea zen. 1980ko hamarkadaren erdian sortu zuen Mendi-Ondo enpresa, eta krisialdi desberdinak igaro eta gero, egun lana soberan duela dio. Elektrizitatearen dependentzia inoiz baino handiagoa den honetan, elektrizistak ez duela lan faltarik izango esan du.

Bizitza osoan kableen artean mugitu bada ere, esan daiteke 1980ko hamarkadaren hasieran Euskal Herria kolpatu zuen krisialdiak eraman zuela Joxe Mari Aizpurua (Zumaia, 1964) elektrizitatearen mundura. "Berez, delineazioa ikasi nuen, baina krisialdiak harrapatu ninduen. Garai hartan ez zegoen ia lanik, eta zegoen apurrean jardun behar izan nuen, elektrizista lanetan", esan du eguneko lanaldia amaituta.

Herriko tailer batean aurkitu zuen lana, 1980. urtean, eta han hiru urte egin zituela du gogoan. "Enpresa hartan ez zegoen fundamentu handirik. Lana besterik ez zen egiten, eta kobratzeko arazoak izaten ziren. Hura uztea erabaki nuen, eta poliki-poliki hasi nintzen nire kabuz", gaineratu du. Lehen pausoak aitaren garajean egin zituela esan du, "atzealdean, mahaitxo batekin eta lau apalekin". Ofizioko hastapenetan lagunentzat eta senitartekoentzat "lantxoak" egiten zituen, baina urte batzuk geroago, Mendi-Ondo enpresa sortu zuen, bazkide batekin batera. "Orduan hasi ginen tailerretan eta fundizioetan lanean", adierazi du. Lantxoak egitetik enpresa sortzeko pausoa ematera egin zuten jauzia oso handia ez zela izan esan du: "Bazkidea ingeniaria zen, eta nik ahal nuena egiten nuen; lan mekanikoa egiten nuen nik".

Lanak, enkarguak, hasi eta berehala heldu zitzaizkien. "Egiten genuen horretan onak izango ginen, gero eta gehiago deitzen ziguten eta". Fundizioetako automatizazio lanak gauzatzeaz gain, tresnak ere prestatzen zituzten. "Koadroak eta zeuden makina apurrak Zumaian egiten genituen, eta gero tokatzen zen fundizioan muntatzen genituen". Garai hartan kanpoan asko ibili behar izaten zutela du gogoan. Gainera, sektoreko gainerako beharginek jai izaten zutenean beraiek lanean aritzen ziren: "Lan gehien Gabonetan, Aste Santuan eta udan egiten genuen". Lan horiek aspaldi utzi zituztela adierazi du Aizpuruak, nahiz eta oraindik enpresaren bat edo beste baduten bezero. "Bazkidearekin banandu nintzenean, bera geratu zen enpresetako lanekin, eta ni erreformekin eta telekomunikazioekin". Aizpurua geratu zen, gainera, Mendi-Ondo markarekin eta garai hartan zituen langileekin.

Enpresa sortu eta berehala hasi ziren telekomunikazio lanekin. "Ez genuen esklusiboki tailerrekin lan egiten. Antenen aldeko apustua ere hasieratik egin genuen". Zumaian bakarrik ez, Bizkai aldean ere lan asko egin izan dutela du esan du Aizpuruak. "Pixka bat mugitzen hasi ginen, eta halako batean, kontratista bat ezagutu nuen. Hari esker, Durangon, Berrizen edota Markina-Xemeinen antenekin lan asko egin dugu".

Gizarteko beste arlo askotan bezala, telekomunikazioen munduan aldaketa handiak izan dira urtez urte. "Lehen dena analogikoa zen, eta gehienbat teilatuetan-eta ibili behar izaten genuen seinalea aurkitzeko". Digitalizazioarekin, ordea, egin beharreko lana errazagoa dela uste du Mendi-Ondoren sortzaileak. "Material aldetik nahiko berdintsua da gure jarduna, baina neurtzeko aparatuak, adibidez, asko aldatu dira. Gero, gaur egun dugun araudiak ez du zer ikusirik duela 40 urtekoarekin. Lehen telefono linea eta antena besterik ez zeuden; orain sareak daude, zuntz optikoa...". Azken urteotan etxebizitza askotan sartu den zuntzarekin lanik ez duela egiten zehaztu du: "Kobrearekin egiten dugu lan, baina zuntzarekin ez. Antenekin eta sareekin jarraitzen dugu lanean, baina zuntza ukitu gabe".

Lokal komertzialen, denden edota etxebizitzen erreformak dira enpresaren beste diru iturrietako bat. Kableak jartzeaz gain, zaharberritzeetan-eta telekomunikazio lanak egiten dituztela jakinarazi du. "Gaur egun, edozein erreforma egiten denean, ez dira soilik entxufeak eta argiak jartzen; telebistaren, sareen edo zuntzaren harguneak ere instalatzen ditugu".

Lan faltarik ez

Lau hamarkadako historia horretan une latzak ere bizi behar izan dituztela aitortu du. 2007ko mundu mailako krisialdia izan zen gogorrena Aizpururentzat. "2007tik 2013ra arteko urteak oso txarrak izan ziren guretzat, ezagutu ditudan txarrenak". Lan kargak behera eginda, enpresa likidatzeko burutazioak izan zituztela ere onartu du Aizpuruak. "Txarrenean ere, aurrera segitu genuen, ordu gutxiago lan eginez eta soldatak jaitsiz". Gainera, haien enpresan lan egiten zuen jendea "ondo portatu" zela esan du. "Azkenean, buelta eman genion egoerari, eta gaur egun lana topera daukagu. Izan ere, dekoratzaile eta igeltsero batzuekin egiten dugu lan, eta haiek emandako lana nahikoa izaten da guretzat".

Garai batean bospasei langile izan zituen Mendi-Ondo enpresak, baina gaur egun hiru lagunek osatzen dute. "Une honetan eroso nago, ez zait asko geratzen erretiroa hartzeko, eta ez dut ezer arrarorik egin nahi". Jubilazio hitza aipatzean, zera esan du berehala: "64 urte izateko batere gogorik ez dut, baina lagatzeko, bai!". Andoni anaia gaztea da Mendi-Ondoko bigarren bazkidea, eta hari erreferentzia egin dio: "Nik erretiroa hartutakoan beste batzuek jarraitu beharko dute".

Elektrizitatearen gero eta dependentzia handiagoa dagoen garaian, elektrizistek ez dutela lanik faltako uste du. "Ofizio horren beharra gero eta handiagoa da. Gero eta tramankulu gehiago ditugu, gero eta aparatu gehiago, gero eta elektronika gehiago. Lehen etxe batean 300 metro kable sartzen genituen, eta orain mila metrotik gora", esan du.

Dena den, Aizpuruak uste du beste gremio batzuetan gertatzen den faktore bat errepikatzen dela elektrizitatearen munduan ere. "Jendeak ez du nahi iturgin, arotz, pintore edo igeltsero lanetan aritu. Beste era batzuetako lanak nahi dituzte herritarrek, erosoagoak, ordutegi hobeak dituztenak. Jende gaztea badabil eskoletan [elektrizista lanbidea ikasten], baina horietatik ateratzen direnean tailerretan egin nahi izaten dute lan", adierazi du.

Bizitza osoan aritu da Aizpurua kableen artean lanean. Ofizioa hori badu ere, bere lehen asmoa arotz izatea izan zela adierazi du. Egun, egurra eta burdina lantzea maite duela ere jakinarazi du, ofiziotik baino zaletasunari jarraiki. Horren erakusle da etxerako egurrezko altzariak egin izana lanorduetatik kanpo, baita burdinazko apalak ere. "Beti gustatu izan zaidan zerbait da: burdina moztu, okertu, soldatu... Teilatuetan antenak jartzeko erabiltzen ditugun dorretxoak nik egindakoak dira. Dena da zero kilometrokoa".

  • Adina: 61 urte.
  • Ikasketak: Lanbide Heziketa, Delineazioa, Zarautzen.
  • Lanbidea: Elektrizista.
  • Elektrizista ez banintz… Arotza. Beno, gaur egun uste dut onena funtzionarioa izatea dela. Hor ez dago krisialdirik.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Astegunetan, ezer gutxi. Afaria prestatu, ardo bat edo beste hartu, eta atseden hartu. Lanean nahiko nekatzen gara eta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide