Gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorrerako deia luzatzeko helburuz, Zumaiako greba batzordeak herri agerraldia deitu du hilaren 14rako, larunbata, eta bertan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Ardantzabiden egingo dute ekitaldia, 12:00etan.
Agerraldian, martxoaren 17ko grebarako arrazoiak gogoraraziko dituzte, lanuzte orokorrak herrian jaso duen atxikimenduaren berri emango dute, eta grebaren eguneko egitaraua aurkeztuko dute. "Soldata duinen alde, pobreziaren eta prekarietatearen aurka, langileen arteko arrakalak gutxitzearen alde eta aberastasunaren banaketa duinaren alde dagoen herritar, eragile eta elkarte oro" agerraldia parte hartzera deitu dituzte, eta gogorarazi dute atxikimendua adierazi nahi duten elkarteek eta eragileek m17grebazumaian@gmail.com helbidera idatzi dezaketela.
"Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata" aldarrikatzea izango da hilaren 17ko greba orokorraren helburu nagusia. Sindikatuek 1.500 euroko gutxieneko ordainsaria dute jomugan, eta Confebask nahiz CEN patronalak negoziatzera eser daitezen presio egin nahi dute lanuztearekin. Bestalde, euskal alderdi politikoei eskatuko diete gutxieneko soldata Euskal Herrian erabakitzeko behar diren ekimen politikoak gauzatu ditzatela, hala Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, nola Madrileko legebiltzarrean ere.