Joxe Mari Korta txirrindularitza memoriala jokatuko dute bihar goizean

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 13a

Txirrindulariak helmugara heltzen, artxiboko irudian.

Jubenil mailako lasterketa izango da eta txirrindulariek 82 kilometroko bidea egin beharko dute. 

Bi asteren bueltan antolatutako bigarren txirrindularitza proba jokatuko dute asteburu honetan Zumaian. Orduan 23 urtez azpikoen Zumaia Saria bazegoen jokoan, oraingo honetan jubenil mailako Zumaiako 48. Joxe Mari Korta memoriala korrituko dute Zumaiako eta inguruko bide eta errepideetan. 

Goizeko 10:00etan abiatuko da tropela, ohi bezala, Ignacio Zuloaga plaza ingurutik, eta, aurreikuspenak betetzen badira, bi ordu geroago helduko dira Axular ibiltokian kokatuko duten helmuga puntura. 

Kirol jarduera horrek izango du eragina eskualdeko trafikoan. Hala, lasterketak irteera eta helmuga Zumaian izango baditu ere, zirkuitua hainbat alditan igaroko da AP-8ko Zestoa-Zumaiako sarrera-irteeratik. Hori dela eta, goizean zehar hainbat itxiera puntual gertatu daitezke.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide