Hego Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezar dadin eskatzeko nahiz soldatak hobetzeko eta aberastasun banaketa justuago baterantz aurre egiteko, Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra du deituta astearterako, martxoaren 17rako. Egun horretarako, greba batzordeek mobilizazioak antolatu dituzte eskualdeko herrietan, eta denek herritarrei dei egin diete Donostian 12:30ean Pio XII.a plazatik irtenda egingo den manifestazioan parte hartzeko. Protesta horri lotuta, Urola Kostakoen zutabea Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko da 11:30ean, handik Pio XII.era joateko.
Zumaiari dagokionez, gaur egin dute egun horretarako eratu den batzordeko kideek elkarretaratzea, eta astearteko egitarauaren berri eman dute. Zehazki, grebaren egunean, pikete informatiboak goizaldean elkartuko dira, eta 09:00etan herri bira egingo dute Ardantzabidetik abiatuta. Arratsalderako, berriz, bi hitzordu jarri dituzte: 17:00etan beste herri bira bat egingo dute Ardantzabidetik abiatuta, eta 18:30ean manifestazioa egingo dute beheko plazatik abiatuta.
LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitu dute astearteko greba orokorra. Eguna antolatzeko, sindikatuetako ordezkariak nahiz eragileak greba batzordeetan bildu dira, eta hainbat ekintza eta protesta ekitaldi antolatu dituzte greba egunerako 1.500 euroko gutxieneko soldata hemen erabaki lelo hartuta.
Greba egunerako osatutako batzordeak gaurko agerraldian azaldu duenez, martxoaren 17an Mendiaraiz, Korta, Silan, GKN, Okin, Galvanizados Olaizola, Estaños Matiena eta beste hainbat enpresetan produkzioa gelditzea espero dute. Horiez gain, enpresa hauetako enpresa batzordeek edo langileen ordezkaritza organoek ere bat egin dute grebarekin: Artadi alimentación, Gerozerlan, GKN, I.S.S European Cleaning System Urola-Kosta Artadiko Garbikun, Korta, Limpiezas y Mantenimiento Rosi eta San Juan egoitza, besteak beste. Zumaiako Herri Eskolan ere grebak jarraipen handia izatea ere espero dute.
Aldi berean, ostalaritzako eta merkataritzako hainbat eta hainbat establezimendu itxita izango direla ere gehitu dute batzordeko kideek, baita herriko beste hamaika elkarte ere. Herriko eragile sozialen artean ere babes "zabala" jaso du
grebak: Alberga, mugimendu feminista, pentsiodunen mugimendua, Ernai, Ikama, Malen Etxea, Gure Esku, Zumaiako Gazte Asanblada, Zumaiako Txosnak, Malen Etxea…
Hori horrela, Zumaiako Greba Batzordeak eskerrak eman nahi dizkiegrebarekin bat egin duten guztiei, "klase
elkartasunezko ariketa erraldoi honetara batzeagatik".