Greba eguna da gaur, martxoak 17, eta Zumaiako dozenaka herritar goizean goiz atera dira kalera protestara. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek egindako deialdira batu dira: Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata Euskal Herrian erabaki ahal izatea, eta soldata hori 1.500 eurokoa izan dadila eskatzeko deitu dute protesta eguna, hain justu.
Hala, eguzkia atera aurretik hasi dute protesta eguna Zumaian, Korta industrialdean, zehazki. Poligonorako sarrera blokeatu dute hainbatek, errepidean bertan egindako eserialdiarekin, lanera joan nahi zutenei bidea oztopatuz. Arroan, AP-8 autobiderako sarreraren ondoko biribilgunea ere blokeatu dute, auto ilara handiak sortuz.
Ondoren, herrian jarraitu dute aldarrikapenekin: 09:00 aldera herri bira abiatu dute, Ardantzabidetik, eta zabalik zeuden negozioei ixteko eskatu diete. Grebako pegatinak itsatsi dizkiete zabalik zeuden lokalei, eta panfletoak ere bota dituzte establezimendu horietan.
Herri bira horretara batzen joan dira apurka-apurka grebarekin bat egin duten herritarrak, eta Ardantzabidetik hasita, herria zeharkatu dute. "Gaur, greba eguna da" oihukatu dute protestan. Jarraian, Donostiarako bidea hartu dute 12:30ean Pio XII.a plazatik irtenda egingo den manifestazioan parte hartzeko. Zumaian arratsaldean deitu dituzten bi hitzorduak ondorengoak dira: alde batetik, 17:00etan herri bira Ardantzabidetik hasita, eta, bestetik, 18:30ean, manifestazioa, beheko plazatik abiatuta.
Zerbitzuetan eragina
Hala eta guztiz ere, Zumaiako Greba batzordeak pasa den larunbatean jakitera eman zuen moduan, enpresa asko izan dira gaur grebara batu direnak; hala nola Mendiaraiz, Korta, Silan, GKN, Okin, Galvanizados Olaizola eta Estaños Matiena.
Horiez gain, enpresa hauetako enpresa batzordeek edo langileen ordezkaritza organoek ere bat egin dute grebarekin: Artadi alimentación, Gerozerlan, GKN, I.S.S European Cleaning System Urola-Kosta Artadiko Garbikun, Korta, Limpiezas y Mantenimiento Rosi eta San Juan egoitza, besteak beste.
Zumaiako Herri Eskolan eta Zumaiena ikastolan ere greba egin dute, eta ostalaritzako eta merkataritzako hainbat eta hainbat establezimendu itxita daude. Herriko eragile sozialei dagokienez, babes "zabala" jaso du grebak. Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, Albergak, Mugimendu Feministak, pentsiodunen mugimenduak, Ernaik, Ikamak, Malen Etxeak, Gure Eskuk, Zumaiako Gazte Asanbladak, Zumaiako Txosnak eta Malen Etxeak.
Halaber, Zumaiako Udal Gobernuak ere bat egin du deialdiarekin eta herriko zerbitzu nahiz eraikin publikoetan eragina izan du horrek.
(Argazkiak: Zumaiako Greba batzordea eta Intza Trula)