Martxoaren 30etik apirilaren 13a bitartean jokatuko dute, Aitzuri pilotalekuan, Zumaia Jai Alai Master Series txapelketa, eta gaur, ostirala, txapelketa osorik ikusteko bonuak salgai jarri dituzte Jai Alairen webgunean, 30 eurotan. Partida bakoitzeko sarrerak martxoaren 24tik aurrera jarriko dituzte salgai 13 eurotan, finalekoak salbu, horiek 20 euroko kostua izango baitute. Partidak 19:00etan jokatuko dituzte.
Santelmoen bueltan antolatu ohi kirol ekitaldiaren aurtengo edizioa berezia izango da, Imanol Lopez Zumaiako puntistak erretiroa hartuko baitu lehiaketa amaitu ostean. Lopezek duela 23 urte egin zuen debuta profesional bezala Gernikako frontoian, eta herri horretan bertan jaso zuen lehen agurra, puntista gisa egin duen ibilbidea bukatzear dela. Santelmoetako txapelketaren ostean utziko du zesta atzelari zumaiarrak.