Marrazteko eta margotzeko zaletasunetik abiatu zuen bere ibilbidea diseinugintzan, eta paperean egindako lan haiek erakutsi zioten Rosa Ruiz Perezi (Zumaia, 1983) eskuen bidez gauzak sortzeko aukera ikaragarria zegoela: "Beti gustatu izan zaizkit eskulanak", aitortu du Ruizek. "Bosgarren mailan, Bego Blancorekin hasi nintzen gaiaz ikasten, eta horrek Arte Ederrak ikastera bultzatu ninduen, diseinuaren munduan espezializatuz", gogoratu ditu hastapenak.
Unibertsitateko ikasketak amaitu aurretik hasi zen Ruiz Zumaiako Alai auzategian kokaturiko A3 inprimategian lanean, eta ordutik, bertan egiten du lan: "A3 orain dela hogeita hamazazpi urte ireki zuten Igonek, Nereak eta Anak, eta haiekin hasi nintzen lanean, eszedentzia bat bi urtez betetzen". Esperientzia hark ate bat zabaldu zion diseinatzaileari. "Une hartan, denda utzi nahi izan zuten hirurek arrazoi desberdinengatik, eta denda neuk hartzeko aukera eman zidaten. Hori dela eta, lagun batek eta biok hartu genuen lokala", azaldu du. Egun hartatik hamazazpi urte igaro dira, eta oraindik ere diseinu lanak eta edozein motatako inpresioak eskaintzen dituzte: "Denetarik egiten dugu, eta modu pertsonalizatuan, bakoitzak eskatzen duenera moldatzen baikara", adierazi du.
Sasoiaren arabera, askotariko produktuen eskariak jasotzen dituzte, eta norbanakoekin zein enpresekin egiten dute lan: "Hemengo elkarte guztiekin egiten dugu lana. Enpresentzat, bereziki, errotulazio asko egiten ditugu, hala nola paretetarako irudiak, seinaletikak, txartelak, gutunak...". Bestelako produktuak ere eskaintzen dituzte, ordea: "Argazkiak, koadroak, mihisean inprimatutako lanak, metrakilatoan egindako lanak, telazko poltsak, kamiseta pertsonalizatuak... Eskatutakora moldatzen gara".
Eskari guztiak bete ahal izateko, bi kideez gain, beste bi langile ere aritzen dira inprimategian lanean, eta denen artean banatzen dituzte zereginak. "Nire ardura aurrekontuak prestatzea eta lanak aurrera ateratzea da. Nire lankidea, aldiz, bezeroez arduratzen da, eta lanak antolatzeaz ere bai. Beste biek diseinatu egiten dute", esan du.
Lan prozesua ez da dirudien bezain azkarra eta erraza. Ruizek arrazoitu duenez, gaur egun bezero askok eskaria egin eta berehala jaso nahi izaten dute produktua, baina hori ezinezkoa da: "Bezeroek askotan premiazko eskaerak izaten dituzte, eta ez dute aldez aurretik horretan pentsatzen". Orain, guztia "nahi dugunean esku artean edukitzera ohituta" gaudela iruditzen zaio Ruizi, eta oro har, herritarrak ez direla jabetzen gauzek atzean daukaten lanaz. Haren esanetan, bezeroren batek edo bestek begiratu izan dio harrituta eskaria egin ahal izateko gutxienez bi egun behar dituztela esateagatik. "Ahal duguna egiten dugu eta ahalik eta ondoen", esan du hark.
Lantaldea eskaria agindutako egunerako egiten saiatzen da, bideragarria denean, behinik behin. "Eskaria bete nahi izaten dugu. Herrian, gehienok ezagunak gara, gainera, eta ondokoa estutasunetik ateratzea gustatu egiten zaigu. Dena den, beti ez da erraza izaten", azaldu du. Horren harira, eskaera batek izaten duen prozesu "luzeaz" mintzatu da diseinatzailea. Lana sartzen zaien unean, zeregina nolakoa den eta beharrezko materiala zein izango den balioztatzen dute, hasteko: "Material batzuk eskatu egin behar izaten ditugu, eta iritsi egin behar izaten dute". Denboraldi jakin batzuetan, gainera, gehiago luzatzen dira iritsiera datak, eta arazoak ere sortu izan zaizkie banaketarekin. "Kontuan hartu behar da eskaera egiten denean zer denboralditan gauden murgilduta". Guztia kontrolpean edukitzen saiatzen dira, baina kasuren batean gertatu zaie eskaera egunerako ez iristea. Horrelakotan, estuasunetik ateratzeko xedez, aitortu du inguruko antzeko enpresetan eskatu izan dutela materiala.
Makinen erritmora
Eskarien prozesua behar bezala egiteko, makina ugari dituzte inprimategi barruan: ohiko fotokopiagailua eta tamaina handikoa, inprenta digitalentzat kopia asko egin ahal izateko; plotter bat, edozer gauza edozein tamainatan inprimatzeko; plotter txikiago bat biniloa mozteko edo erakusleihoetako seinaletikak egiteko; gillotina automatikoa; azaleztatzeko bi makina; txapak sortzeko makina; txartelak moztekoa; ijezkailua; eta metro bateko zabalera duen plastifikatzaile handi bat. Azken urteetan teknologia dela-eta makinak asko hobetu direla esan du Ruizek: "Orain gauzak azkarrago eta egokiago egiten dira, eskuz gauza gutxiago egiteko dena automatizatua baitago. Asko igartzen da hori".
Diseinatzeko Adobe Creative Cloud programa erabiltzen dute. "Egia da programa gehiago ere badaudela, eta asko dohainik direla, baina urte asko daramatzagu programa hori erabiltzen eta oso eroso funtzionatzen dugu kide guztiok", azaldu du. Adimen artifizialak kezka sortzen diola ere aitortu du: "Oraindik ez dakigu egokitasunez nola erabili, eta ematen diogun informazioaz elikatzen da".
Diseinatzea da Ruizi gehien gustatzen zaiona, baina gakoa prozesu guztiaren parte izatea dela azaldu du, ez lanaldi osoa gauza bera egiten igarotzea eta lanaren emaitza ikusi gabe gelditzea. "Pausoz pauso egin behar den prozesu horretan egotea gustatzen zait, askotariko lanak egitea eta lanaren emaitza ikustea. Erronka desberdinak ditut gustuko; jendeak eskatutakoa lortzeko gai izatea, esaterako", adierazi du. Dena den, Ruizek argi utzi du egunaren arabera asko aldatzen dela beren egitekoa: "Diseinua prestatzeko garaian inspiratuta bazaude, gauza ikaragarriak sor ditzakezu, baina beti izaten da egun kaxkar bat, eta horietan askoz ere gehiago kostatzen da emaitza lehenengoan ateratzea". Bestalde, bezeroek eskatzen dutena kontuan izatea ere oso garrantzitsua dela azaldu du, emaitza bezeroak buruan zeukanaren antzekoa izan dadin.
Eguneroko bitxikeriak
A3 inprimategiko kideak lanean gertatutako zenbait xelebrekeria ere partekatu ditu Gukarekin. Zumaiako Idoia tabernakoei egin zieten kartel baten inguruan jardun du, lehenik: "Kartel bat ipini nahi zuten errazioen eta edarien zerrenda erakusleihoan edukitzeko. Tabernaren estetikari segituz, zerrenda egur batekin egitea proposatu genuen, baina kartela jartzeko unean zoratu egin ginen, kartela ez baitzen egiturara egokitzen". Lortu zuten azkenean bere lekuan jartzea, eta estutasun hark ikasteko balio izan ziela esan du diseinatzaileak.
Ongizan fisioterapia zentroaren kanpoalderako sortutako letra batzuekin, berriz, egoera "komikoa" bizi izan zutela esan du: "Letrak beti erabiltzen dugun silikonarekin itsasten ditugu, baina neguan, hotzagatik edo, letra batzuk erori egiten dira. Bi edo hiru aldiz gertatu zaigu, eta orain ere, berriz eroriko ote diren zain nago". Han gertatutakoa "oso bitxia" iruditzen zaio Ruizi, inon gehiago ez zaielako halakorik gertatu.
Bestalde, kopia bereziak ere eskatu izan dizkiote: "Bezero batek, kopiak egiten genituela eta, giltzen kopiak egiteko eskatu zigun", esan du Ruizek, barreari eutsi ezinik. Kopiak egiten zituztela azaldu zion hark bezeroari, baina paperezko kopiak, ez giltzenak: "Hori beti gogoratuko dudan istorio barregarri bat da". Herriko merkataritzaren egoeraz ere aritu da Ruiz hizketan, eta zaintzea beharrezkoa dela nabarmendu du: "Saltokietan fokua jarri behar da, jendearekin tratua izan, kaleei bizia eman... Bertako produktua garestiago izango da askotan, baina gauza askoz gehiago ematen dizkizu horrek. Apartekoa da norbaiti aurpegia jartzea eta tratu pertsonalizatua jasotzea".
- Adina: 42 urte.
- Ikasketak: Arte Ederrak.
- Lanbidea: diseinatzailea.
- Inprimategian eta diseinu lanetan arituko ez banintz... eskuak erabili behar diren edozein lanbidetan arituko nintzateke, altzarien muntatzailea, adibidez.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... futbolean jolastea eta familiarekin zein lagunekin denbora pasatzea.