Imanol Lopezek etxean emango dio agurra ibilbide profesionalari

Juan Luis Romatet 2026ko martxoaren 25a

Gaur eguerdian Aitzuri pilotalekuan egin den aurkezpeneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 13ra bitartean jokatuko dute zesta puntako Zumaia Jai Alai Master Series txapelketa Aitzuri frontoian. Imanol Lopez puntista zumaiarrak jokatuko duen azken txapelketa izango da, erretiroa hartu aurretik. Ez da izango kantxaratuko den zumaiar bakarra izango, Unai Uranga eta Frida Watkins ere lehiatuko direlako.

Zesta puntaren historian izan den jokalari onentsuenetako batek agur esango dio profesional mailako ibilbideari; non, eta bere jaioterrian. Zumaian bertan jokatuko du Imanol Lopezek ibilbideko azken txapelketa, Zumaia Jai Alai Master Series, hain zuzen ere. Txapelketak hiru jardunaldi izango ditu, eta martxoaren 30etik apirilaren 13ra bitartean jokatuko dituzte partidak Aitzuri pilotalekuan. 

Adituen arabera, azken mende laurdeneko atzelari onena izan da zumaiarra. Iñaki Osa Goikoetxea herrikidearekin batera, zesta puntan aro ahaztezina osatu du Lopezek. Iaz iragarri zuen hark erretiroa hartuko zuela, baina hilabete batzuetan jarraitu du jokatzen, ibilbide arrakastatsuari herrian bertan eman nahi ziolako amaiera. Gaur aurkeztu dute txapelketa Aitzuri pilotalekuan, eta han izan dira, harekin batera, kantxaratuko diren puntistetako batzuk.

Hiru zumaiar

Herrian bertan eta herrikideen aurrean jokatzeko aukera izango dute Zumaiako hiru puntistak. Gizonetan, Lopezekin batera, Unai Uranga izango da lehian, eta emakumeetan Winter Series txapelketa irabazi berri duen Frida Watkins

Imanol Lopezek Aritz Erkiaga aurrelari bizkaitarrarekin osatuko du bikotea; Unai Urangak, berriz, Eñaut Urreisti mutrikuarra izango du aurreko koadroetan. Watkinsek, bere aldetik, Elaia Gojenola Berriatuako (Bizkaia) aurrelariaren laguntza izango du. 

Zumaiarrak gaurko aurkezpen ekitaldian.

Txapelketako jardunaldiak

Hiru jardunaldiz osatu dute aurtengo Zumaiako Master Series txapelketa, bi finalerdiko eta finala. Jokatuko dituzten partidak honakoak izango dira:

Martxoak, astelehena, 19:00etan.

  • Ihart-Maialen eta Sorozabal-Eneritz.
  • Urreisti-Uranga eta Olharan-Lekerika.

Apirilak 6, astelehena, 19:00etan.

  • Elaia-Frida eta Helena-Oaia.
  • Erkiaga-Lopez eta Johan-Ibarluzea.

Apirilak 13, astelehena, San Telmo eguna, 18:00etan.

  • Finalak.

Sarrerak salgai

Hitzorduetarako sarrerak salgai daude dagoeneko Eramanjaialai.com webgunean. Egun bakoitzeko sarrerak erosteko aukera izango da, baina baita txapelketa osorako bonua ere. Antolatzaileen esanetan, urteekin indarra hartzen joan den txapelketa da Zumaiakoa, eta aurten ere Aitzuriko harmailetan giro ederra izango dela aurreikusten dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide