Udalak eta GKS-k bezala, Zumaiako Txosna Batzordeak ere aurkeztu du San Telmo jaietarako prestatu duen egitaraua txosnagunerako. Atzo arratsaldean talde argazkia atera zuten hainbat eragile eta norbanakok arranplan, eta festetarako atera dituzten kartelak erakutsi zituzten, horien edukia azaltzearekin batera. Urteroko ekintzei eutsi diete oro har. Aldaketa nagusia izan da aurten festetatik aparteko egun batean egingo dutela Lierniren omenezko tortilla patata txapelketa.
Gainerakoan, musika izango da nagusi apirilaren 10etik 12ra eta apirilaren 17an eta 18an ospatuko dituzten jaietan, herri bazkariekin eta aldarriekin batera. Apirilaren 10ean DJ gauarekin hasiko dute egitaraua, eta antolatzaileek azaldu dute musika jartzen ibiliko diren laurak zumaiarrak direla –MNNS, Saizar, Kroke eta Eddy–.
Gazte Egunarekin jarraituko du festak hilaren 11n, eta beti bezala, gazte bazkaria eta kontzertuak izango dira protagonistak. Hilaren 17an eta 18an, berriz, Bertsio Gaua, irrintzi lehiaketa eta herri bazkaria izango dira ekintza nagusiak –herri bazkarirako txartelak Inpernupen salgai daude–.
Bertsio Gauean 11 talde igoko dira oholtzara, eta aurten ere aurpegi berriak egongo dira tartean. "Batzuk urterokoak dira, baina badira parte hartzaile berriak ere. Gainera, esan digute haurren bat ere igoko dela oholtzara, eta baita erretiraturen bat ere", kontatu dute txosna batzordekoek.
Auzolanerako erantzun ona
Zumaiako Txosna Batzordeko kideak gustura dira herritarrek lanerako erakutsitako gogoarekin; txosnetako turnoak, esaterako, izen-emate epea zabaldu orduko osatu zituztela azaldu dute.
Beti bezala, edaria eskaintzeaz gain sukaldea ere jarriko dute txosnetan, bokatak eta errazioak emateko.
Txosnak hilaren 10ean muntatuko dituzte, eta 09:00etan elkartuko dira arranplan auzolanean aritzeko. Herritarrei dei egin diete laguntzera gertura daitezen.
Egitaraua:
Apirilak 10, ostirala
- 21:00. DJ emanaldia: MNNS, Saizar, Kroke eta Eddy. Txosnagunean.
Apirilak 11, larunbata. Gazte Eguna
- 14:30. Gazte bazkaria, herri eskolako frontoian.
- 18:00. Elektrokeia elektrotxarangarekin kalejira.
- 22:30. Kontzertuak txosnagunean: Zeker, Niña Coyote eta Chico Tornado, Skaregekasko.
Apirilak 12, igandea
- 18:30. Muxiko dantza ikastaroa, txosnagunean.
- 00:30. Pintxada Jo ta Txo DJarekin, txosnagunean.
Apirilak 17, ostirala
- 19:00. Txatori omenaldia labarrean.
- 19:30. III. Irrintzi Txapelketa Feminista, Amaia plazan.
- 21:30. Bertsio Gaua txosnagunean: Saltaka, Kuraia, Koktel Molotov, Popurri, M.J.ren aparra, Glaukoma, Lamb of God, The Ostrukas, Extremoduro, Red Hot Chili Peppers eta Joxe Ripiau taldeen bertsioak eskainiko dituzte.
Apirilak 18, larunbata
- 14:00. Elkartasun argazkia arranplan.
- 14:15. Herri bazkaria txosnagunean.
- 22:30. Kontzertuak txosnagunean: Bele, Labar eta Debrass Band.
Santelmoetako egitarau osoa hemen dago ikusgai.