Marianton haur parkea erabilera anitzeko eremu bilakatuko duen obra lizitatu du udalak

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 2a

Etorkizuneko Marianton parkeak izango lukeen itxura. (Kimubat)

Marianton parkea berritzeko obra prozedura ireki bidez lizitatu du udalak, eta 1.059.643 euroko aurrekontua izango du proiektuak. Jolas naturalen eremua, piknik mahaiak, belardia, euri lorategia eta parke estalia izango ditu Marianton parkeak.

Marianton parkea berritzeko obra lizitaziora atera du Zumaiako Udalak. 1.059.643 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta zortzi hilabeteko exekuzio epea. Udalak azaldu duenez, parkeak jolaserako eremu desberdinak izango ditu, estalpe bat ere bai, eta baita adin tarte guztietako herritarrek erabiltzeko moduko espazioak ere.

Prozedura ireki bidez lizitatuko du udalak jolastoki berriaren prozedura, eta parkea sortzeaz gain, haren ingurua berrurbanitzea aurreikusten du proiektuak. Udalaren esanetan, natura, ingurumena, herritarren nahiak eta erabilerak uztartu nahi ditu, eta mugikortasun jasangarriari ere bide eman nahi dio.

Halaber, Marianton eraberritzeko lanen baitan, Alai, Aita Mari eta Estazio auzoak lotuko dituen bidegorria ere eraikiko dute parkearen barruan. Victoriano Arrate etorbidearen jarraipena izango da oinezkoen bide nagusia, eta bide hori ardatz hartuta antolatuko dituzte oinezkoen ibilbideak parkearen eremu desberdinetara.

"Kokapen estrategikoa du Marianton parkeak, eta gainera, Gernika parkearekin batera, espazio zabala duen herriguneko eremu berde bakarrenetakoa da, espazio lasai eta atsegina", nabamendu du udalak. Hori dela eta, parkeko elementu naturalak errespetatuko dituela segurtatu du: "Espazioan dauden zuhaitzak mantendu egingo dira ahal den heinean, eta uraren zikloa errespetatzeko, eremu iragazgarriak ere izango ditu. Elementu naturalak lehenetsiko dira, gainera, eraikiko diren jolas guneetan eta bestelako egonlekuetan".

Haurrak beharretara egokituta

Haurrak izango direnez gero Marianton parkeko erabiltzaile nagusiak, haien beharren araberako diseinua landu du udalak. Hain zuzen, Haurren Kontseiluarekin landu du eremuaren antolaketa proposamena, eta jolas eta gune konkretuak diseinatu ondoren, Kimubat enpresari esleitu zion udalak proiektuaren idazketa. Horrela, haurrei zuzendutako jolas eremu desberdinek osatuko dute, batik bat, parkea.

Hala ere, adin tarte guztietako herritarrentzako espazioak izango ditu parkeak, udalak esplikatu duenez: oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak izango ditu, baita gaztetxoentzako eremuak eta egonlekuak ere. Hala, jolas naturalen eremua, piknik mahaiak, belardia, euri lorategia eta parke estalia izango ditu Marianton parkeak.

Gainerakoak berritzeko konpromisoa

Marianton parkekoa da haur parkeetan udalak egingo duen inbertsiorik handiena, baina gainerako haur parkeak berritzeko konpromisoa adierazi du Udal Gobernuak. Dagoeneko hasi da Basadi parkeko lurra berritutzen, eta "datozen hiruzpalau urteetan" herriko parke guztiak eraberrituko dituela ziurtatu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide