Iristear dira San Telmo jaiak, eta iaz bezala aurten ere, Zumaiako Mugimendu Feministak protokolo feminista antolatu du ospakizun horren harira, "festez aske gozatzera goazela adierazteko, gorputz guztientzat seguruak izango diren espazioak aldarrikatzeko, eta arduraz jokatzeko" deia egiteko asmoarekin. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten aurtengo protokoloa jendaurrean, galderak nahiz xehetasunak argitzeko.
Alde batetik, gogorazi dute protokoloa txosnagunean aktibatuko dela eraso baten berri izan orduko, eta tabernariei ere gauza bera egin dezaten eskatu die. Halaber, norbanakoen esku hartzea ere "garrantzitsua" dela azpimarratu dute, "guztiok garelako agente espazio seguruak sortzerako orduan, guztiok ditugulako pribilegioak eta hortikan jardun behar dugulako".
Hori ez ezik, erasotuaren iritzia errespetatzeko eskatu dute, baita "euren burua zalantzan ez jartzeko" ere. Bestetik, erasotzaileari argi utziko zaio bere portaera "onartezina" dela, eta behar izanez gero, festa eremutik kaleratua izango da.
Horrez gain, Saregile Plazako Gune Morea festetan zehar martxan izango da. BiziBitxi zentroko hezitzaileek eskainiko dute zerbitzu hori, apirilaren 10, 11, 12, 17 eta 18an, Saregile plazan, 22:00etatik 01:00ak bitartean.

