Ez du erraz ahaztuko Imanol Lopez puntista zumaiarrak atzo Aitzuri frontoian gertatutakoa. Pasa den urteko urrian iragarri zuen pilotariak erretiroa hartzeko asmoa zuela, baita ibilbide profesionaleko azken partida etxean jokatuko zuela ere. Santelmoen bueltan jokatu izan da azken urteotan Zumaia Master Series zesta punta jaialdia, eta han jaurtikiko zituen Lopezek azken pilotakadak frontisera.
Jokatu bakarrik ez, txapelketa irabazteko parada izan du Lopezek. Aritz Erkiaga Ispasterreko (Bizkaia) aurrelaria bikotekide zuela, bi jokotan irabazi zion Jean Olharanek eta Unai Lekerikabeaskoak osatutako bikoteari. Behin azkeneko tantoa eginda, gaindi egin zuten emozioek. Lehenbizi finalean aritu ziren lagun eta pilotariekin besarkatu zen, eta ondoren Aitzuriko harmailak bete zituzten pilotazaleen txalo zaparrada amaigabea jaso zuen. Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, ezustekoa ere izan zuen, mariatxi talde bat kantxaratu zelako Aitzurira. Finalean esatari lanetan aritu zen lagunak gonbidatuta, harmailetan izan ziren zaletuak kantxara ere jaitsi ziren, Lopezi bere esker ona adieraztera eta harekin argazkiren bat ateratzera.
"Bukatu da", esan zion Lopezek Gukari zaletuekin egon eta gero. "Bulegoko beste egun bat izan da, baina hau izan da azkena", gaineratu zuen zumaiarrak. Emozioak gordetzen aritu bazen ere, "poztasuna" sentitzen zuela ere esan zuen. "Sentsazio onak izan ditut. Finalean ere maila polita erakutsi dugu, eta horrela amaitzea, gainera etxean, halako berotasunarekin eta mariatxiekin... Zer gehiago eska dezaket?".
Jokatutako azken txapelketa irabazi izanagatik ezin pozago zegoen txapeldun handia. "Irabaztea da bizitzan gehien gustatzen zaidana. Hala gertatzen denean askoz ere gusturago egoten naiz. Oso pozik nago", onartu zuen Lopezek.
Jakitun zen Imanol Lopez atzokoa egun berezia zela eta kirolaren bueltan aritzen diren lagunek zein herritarrek omenaldia egingo ziotela. Hala ere, "espektatiba" handirik ez zuela ere onartu zuen, "eta hobe horrela. Esan nien musika mexikarra nahi nuela amaierarako, azken eguna poztasunarekin amaitzeko. Musika mexikarra izan dut, mariatxiak ere bai".
Bizimodu berrira ohitzeko arazorik izango ez duela ere adierazi zuen. "Betiko martxan arituko naiz, egunari erritmoa hartzen. Hori izango da aurrerantzean nire egunerokotasuna. Ibilbide profesionala amaituta, pilota beste era batera biziko du hemendik aurrera Lopezek. "Bihartik [gaurgatik] aurrera berriro Imanol izango naiz. Frontoian zuriz janzterakoan Lopez izan naiz, baina hemendik kanpo beti Imanol izango naiz".
Saio berezia ostegunean
Imanol Lopez puntistaren agurra dela eta, saio berezia eskainiko du Gukak aste honetan. Ostegunean premium eduki bezala emango da, eta ostiraletik aurrera irekian. Lopez ezagutu duten eta harekin zesta puntan aritu diren hainbat lagunen iritziak jaso ditu Gukak saio horretarako.