Erretratua

Mohssin Akrikez: "Orain hemen nago eta kito, etorri behar dena etorriko da"

Oier Romatet 2026ko apirilaren 18a

(Ainhoa Caporossi | La veceria)

Plazarik plaza aritzen da lanean Mohssin Akrikez (Zumaia, 1979). Gazte zela hasi zen saltzaile lanetan, eta gogotsu jarraitzen du zeregin horretan gaur egun ere. Mendeetan galdu ez den ofizioa baina etorkizun kezkagarria duena da harena, fokua orainean jarrita badu ere. Azokako saltzailea da Akrikez.

"Hiru umeren aita naiz. Hemen jaioa. Mohssin naiz. Salmentan hasi nintzen eta bizitza oso sinplea daramat". Honela aurkeztu du Mohssinek bere burua. Aita eta zumaiarra izateaz gain, lanbidez saltzailea da Akrikez. Bi denda ditu; bat Zarautzen, eta Zumaian bestea. Zumaiakoa itxita dauka pandemiaz geroztik, baina bertan jarraitzen du Tetuan Hogar errotuluak oraindik. Besteak beste, etxeko arropak, mantak, edredoiak eta maindireak saltzen ditu bertan, denetik pixka bat. Baina bere salmentak ez dira Zarautzeko dendara mugatzen: Akrikezek azokan egiten du lan, gehien bat.

Azaldu du eskola garaian ez zela guztiz ongi ibiltzen ikasketekin, eta lanerako proposamena egin ziola anaiak: "Bost urte zaharragoa da anaia,; berak hasi zuen salmenta negozioa 1994an, eta anaiarekin bat egin nuen gero nik, 16-17 bat urte nituela". Bizi osoa darama saltzaileak, beraz, lan horretan.

Arrazoiak arrazoi, anaia bakoitzak bere bidea hartu du, eta ez dute elkarrekin jarraitu negozioan. Orain beste bi lankide ditu Akrikezek. Alde batetik, azokan, Yunes: "Lagunak gara; ni nagusia naiz, baina ez naiz nagusia, ez zait batere gustatzen nagusiaren kontzeptua", azaldu du elkarren arteko harreman ona azpimarratuz. Beste aldetik, Zarauzko dendan arrebak, Fatimak, egiten du lan.

Goizero, jaiki eta azokara joaten da lanera Akrizkez. Postua muntatu, lasai gosaltzeko tarte bat hartu, eta gero hasten dute salmenta Yunesek eta biek. 12:30-13:00 aldera jasotzen dute postua, eta bazkalordurako etxean izaten dira. Akrikezen kasuan, bazkaldu, lokuluxka bat egin eta umeen bila joaten da. Arratsaldeak beraiekin egoteko edo eskolaz kanpoko ekintzetara eramateko erabiltzen ditu, eta kasu batzuetan arrebari bisita egiten dio dendara. Egunerokoa antzekoa izan arren, baina azoka herri ezberdinetan izaten dute: astelehena Errenterian (Gipuzkoa), asteartea Azpeitin, asteazkena Ordizian (Gipuzkoa), osteguna Zumaian, ostirala Legazpin (Gipuzkoa) eta larunbata Tolosan (Gipuzkoa).

Herri bakoitzean toki finkoa izaten dute azokan postua jartzeko. Zumaiako kasuan, bere lekua zein den seinalatu du elkarrizketan. Astero jende berdina elkartzen dira, nor bere tokiara. Oso harreman ona egin dute azokan elkartzen diren saltzaile guztiek: "Azkenean hainbeste urte denok batera kalean, baldintza berdinetan…".

Hori da azken finean Akrikezi bere lanetik gehien gustatzen zaiona, azoka bat azoka egiten duen hori: herriz herri mugitzea eta jendearekin egotea. Bezeroekin oso harreman ona dute, irribarre batekin hitz egiten du zumaiarrak horretaz: "Niri asko gustatzen zait jendearekin egotea eta harremantzea". Adierazi du bezeroei ere asko gustatzen zaiela euskaraz hitz egitea, askok uste izan arren bere itxuragatik ez duela jakingo euskaraz hitz egiten.

Merkatuaren beherakada

Bezeroei buruz, ordea, ez du irribarre berarekin hitz egiten. Azken urteotan beherakada nabari duela dio. Bezero gehienak adineko jendea direla esan du, eta gazteek ez dutela jarraitu merkatura joateko ohitura. Baina ez azokan bakarrik, aldaketa, oro har, merkatuan nabaritu du Akrikezek: "Begi bistan da negozio txikiak desagertzen ari direla, eta, gainera, Internet bidezko erosketak geroz eta ohikoagoak egin direla". Haren hitzetan, "gero diru hori ez da Euskal Herrian geratzen, kanpora doa, betiko bostak aberasten dira, eta ez herria. Badakigu hori hala dela, baina ez zaigu inporta". Azpimarratu du gaur egun lanean dabiltzanak azoka uzten dutenean ez duela inork hartuko leku hori, eta desagertu egingo dela, izan ere, orain erropa saltzen duten bost edo sei postu eta janariaren hiru postu soilik elkartzen dira plazan.

Azoken gainbeheraren aurrean dio ez duela bestelako laguntzekin topo egin Akrikezek, "traba gehiagorekin, agian, bai". Erakunde publikoek ez dute laguntzarik jarduera hori mantentzeko, saltzailearen ustez: "Berdin zaie azoka egon edo ez, zer baldintza ditugun, desagertzea…". Pandemia garaian oso gaizki pasatu zutela gogoratu du, kaleko jarduerak martxan jartzea asko kostatu zelako, eta gainera, autonomo izateak "babesgabe" utzi zuen, baina gainditu zuten hura ere. Orain, Ticket Bai sistemaren kontua da aurrean duten beste traba bat, azaldu duenez.

Azokaren etorkizunak itxura onik ez duen arren, Akrikez ez da bizi etorkizunera begira. "Orain hemen nago eta kito, etorri behar dena etorriko da, ez zait gustatzen burua jatea", azaldu du. Hori da bere bizi pentsaera, "oraina bizitzea eta gauza sinpleekin zoriontsu izatea"; ez du gauza askorik eskatzen: bere haurrak alboan izatea, osasuna, eta egunero jan ahal izatea. Gakoa bizitzen jakitea dela dio, momentuaz disfrutatzea: "Oporrak amaitzeko hiru egun geratzen dira, bihar lanera joan behar dut… disfrutatu igandea! Jendea askoz okerrago bizi da, begira Palestinara, Afrikara...".

Aurreiritziak azokan

Gauzak horrela, Akrikezek jendea animatu nahi du bere ofizioan lan egitera, izan ere, "oso lan polita da", bere ustetan. "Psikologia ikasten duzu, jendearekin harremantzen, bizitza bilatzen… jendearekin harremantzen baldin badakizu, ez duzu inoiz arazorik izango", argitu du.

Bere ustetan, azokaren inguruan sortu diren aurreiritziek oztopatzen dute jendeak lan hori aukeratzera, askok "Hirugarren Munduken zerbait bezala" ikusten baitute, "migratzaileena, ijitoena… Eta salmenta lan bat besterik ez da". Gogoratu du gaztetan azokan lanean hasi zenean berak ere bazituela aurreiritzi horiek; lotsa pasatzen zuen eta mahai azpian ezkutatzen zen ezagunak ikusten zituenean: "Baina zergatik? Ez naiz lapurtzen ari, inork ez dit jaten ematen… lanean ari naiz". Akrikezen esanetan, asko axola zion besteek berataz pentsatuko zutenak, inguruan bizi zuen arrazakeriaren ondorio. Azaldu du txikia zenean Zumaiako marokoar bakarra zela, eta beste ikaskide eta guraso batzuengandik hainbat komentario jasan behar izan zituela, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Bertako irabaziak denda batekoarekin alderatuta handiak ez direla izango usteko dute batzuk, baina hori ere ez da hala. "Zumaiako tailer batean ordaintzen dutena azokan arazorik gabe atera dezakezu, beti ere lanean baldin badakizu, noski. Nik azokan ateratakoarekin erosi dut denda, etxe bat, hiru haur ditut… bizia izan behar zara, baina ateratzen duzu, lan guztietan bezala", amaitu du saltzaileak.

  • Adina: 46 urte.
  • Ikasketak: marketina.
  • Lanbidea: saltzailea.
  • Saltzailea ez banintz… albaitaria izango nintzateke, edo gobernuaz kanpoko erakunde batean lan egingo nuke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… nire alabekin egotea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide