Herriko gazteen ekimenak bultzatzeko diru laguntzen deialdia ireki du beste urte batez Zumaiako Udalak. 18 eta 30 urteko herritarrek hartu ahal izan dute deialdi horretan, eta besteak beste, aisialdiarekin lotutako proiektuak, ikus-entzunezko lanen ekoizpenak edo ekintzailetza proiektuak aurkeztuz egin dezakete laguntza jasotzeko eskaera. Iaz bezala, 5.000 euro banatuko ditu udalak gazteen proiektuak sustatu ahal izateko, baina aukeratutako proiektu bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu gehienez ere. Udalaren esanetan, gazteen interesak eta grinak babestea da deialdi horren helburua.
Diru-laguntzak Zumaiako 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta eskatzaileek banaka edo taldean parte hartu ahal izango dute. Edozein arloko proiektuak edo lanak aurkez daitezke deialdira, besteak beste, aisialdiarekin lotutako proiektuak; ekintzailetza proiektuak; zientziaren inguruko proiektuak; ikus-entzunezko lanen ekoizpena; teknologia berriekin lotutako proiektuak; edo komiki, fanzine edo bestelako kultur argitalpenen edizioak.
Deialdiaren iazko edizioan ikus-entzunezko bi proiektuk jaso zuten udalaren laguntza; Malen Trenadoren Olagarroa dokumental esperimentala izan zen bat, eta Oier Romatet eta Araitz Garateren 700 film laburra bestea.
Deialdian parte hartzeko, eskatzaileek esteka honetan aurkitu daitekeen eskabidea aurkeztu beharko dute, eta horrekin batera, honako agiriak:
- Jardueraren memoria.
- Diruz laguntzeko aurkezten den programari dagokion gastuen eta diru-sarreren aurrekontua.
- Beste instituzio eta erakundeetan egin diren diru-laguntza eskaerei buruzko adierazpena edo, halakorik bada, jaso diren diru-laguntzena.
- Zinpeko aitorpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela edo horretarako gaitasunik ez duela esanez, legezko debekuan sartuta ez dagoela azalduko duena.
- Debeku horietan barne izango da sexuagatiko diskriminazioaren ondorioz jasotako debekua, 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenaren 23.2 artikuluak arautzen duen ildotik.
- Proiektuan genero ikuspegia noraino kontuan hartzen den zehaztu beharko da. Euskararen tratamendua jardueraren hedapenean.